Politika -
Auzitegi Nazionala
Kartzela-zigorra eskatu dute Erkiziarentzat Argala goratzea leporatuta
2008an ETAko buruzagi ohiari egindako omenaldi batean haren aldeko oihuak egitea egozten dio Fiskaltzak ezker abertzaleko buruzagi historikoari.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoarentzat Jose Miguel Beñaran, Argala, ETAko buruzagi ohiari 2008an, Arrigorriagan (Bizkaia), egindako omenaldi batean parte hartzeagatik.
Eskari horixe egin du Carlos Bautista fiskalak Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegian aurkeztutako idatzian. Kartzela-zigorraz gain, zortzi urtez gaitasungabetzea eskatu du terrorismoa goratzea leporatuta.
Ministerio Publikoaren arabera, Erkiziak "Estatuari min gehien egingo zion bidea erabili beharra"·azpimarratu zuen, "Gora Euskadi Askatuta" eta "Gora Argala" oihukatu aurretik.
Erkiziak iragan martxoan deklaratu zuen auzipetu gisa Auzitegi Nazionalean eta omenaldia "ekitaldi politiko bat" izan zela berretsi zuen. ETAko buruzagi ohiaren beste omenaldi bategatik, Arrigorriagan 2003an egin zen bategatik hain zuzen ere, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak 15 hilabeteko zigorra bete zuen.