Politika -
Urkulluren adierazpenak
PP-EAJ harremana nahastea leporatu dio Urkulluk Basagoitiri
Agintari jeltzalearen hitzetan, Basagoitik PSOEri Estatuko aurrekontuen inguruan egindako akordio proposamena, Euskadiko PPren beste "inkongruentzia" bat besterik ez da.
Erredakzioa
Estatuko PPrekin harreman "normala" izateko asmoa oztopatu egin nahi diotela esan du gaur Inñigo Urkulluk, EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. Oztopo horiek Euskadiko PPren bilakaerak eta Antonio Basagoiti haien presidenteak azken hilean egindako adierazpenek sortzen dituzte.
Gainera, Basagoitik egindako azken proposamena, hau da, PPk Estatukoko Aurrekontu Orokorren alde egin eta EAJk kongresuan duen ekintzarako gaitasuna murriztea, Basagoitiren "inkongruentzia eta koherentzia faltaren adierazle" dira, izan ere, PPk berak dauka Euskadiko "gobernu ezaren ardura".
Urkulluk adierazi duenez, iragan uztailaren 8an Mariano Rajoy PPko presidentearekin izandako bilerak "bi alderdi politikoren arteko harremanak izan behar duen normaltasunaren adibidea besterik ez zen", nahiz eta biek "proiektu politiko ezberdinak eta ideologia erabat diferenteak izan".
Hala ere, politikari abertzalearen hitzetan, harreman normalak izateko helburu hori "Euskadiko PPren azken asteetako bilakaerak zeharo baldintzatzen du".
"Azken 12 urteetako tirabirak gainditu eta Espainiako PPrekin harreman normal bat izaten saiatu gara, batez ere Euskadiko PPk EAJrekin izandako harreman normala ikusita. Baina azken hilean Basagoitik egindako adierazpenek zalantzak sortzen dizkigu, ez daukagu oso argi harreman hori eduki nahi duten ala ez".
PPk eta PSOEk ez dituzte Estatuko aurrekontuak adostuko
Era berean, eta Estatuko aurrekontuei dagokienez, Urkulluk ez du PP eta PSOEren arteko akordio bat "posible" ikusten. Bere ustez, Espainian ez da Europar Batasuneko beste estatu batzuetan bezala gertatzen, han "gobernua eta oposizioa erreformak adosteko gai dira".
Bestalde, EAJk elkarrizketarako jarrera duela azpimarratu du Urkulluk, batez ere "autogobernuaren inguruan duten konpromisoa jakiteko, iraganean, orainean eta etorkizunean izan beharreko konpromisoa da".