Politika -

Istiluak

Zarautzek 38.000 euro ordainduko ditu zaborrontziak ordezkatzeko

Udalak leihatila bat ireki du kalteak salatzeko. Identifikatutako gazte horietako batek aurrekari penalak ditu istiluengatik eta kale indarkeriagatik, Efek jakinarazi dioetenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarauzko Udalak 37.827 euro ordaindu beharko ditu atzo goizaldeko erasoen kalteak ordaintzeko, eta erre zituzten 30 zaborrontziak ordezkatzeko.

Gaur, Zarauzko Udaleko talde politiko guztiek erasoa gaitzetsi eta "ondo antolatutako ekintza" izan zela gogoratu dute. Izan ere, herriko hamalau puntu ezberdinetan eta aldi berean hartu zuten su kontenedore guztiek eta pastila berezi batzuekin eman zieten su.

Libe Amilibia Urola-Kostako Udal Elkarteko presidenteak azaldu duenez, suteek Udal Elkarteak gaikako bilketarako erabiltzen dituen 30 zaborrontzi kaltetu zituzten, neurri desberdinean; papera jasotzeko 15; 9 edukiontzi arin; organikoa biltzeko bi, eta beira eta kristala biltzeko lau.

Kalteak konpontzeko zazpi langilek eta bost kamioi-garabik osatutako dispositibo berezia jarri zen abian: "Hori gehitzen baldin badiogu, guztira 30.823,2 euroko kostua ateratzen da".

Kopuru horri Zarauzko Udalak bere gain hartu beharko duena erantsi behar zaio: izan ere, "beste hiru kontenedore arrunt ere erre ziren (berdeak)", eta kale garbiketako eta brigadetako langileen kostua ere eduki behar da kontuan. Guztira, 7.000 euro inguru. "Ezin dira ahaztu ere etxe-aurrealdeetan, auto batean, zuhaitzetan, seinaleetan eta espaloietan izandako kalteak, oraindik zenbatu gabe daudenak", adierazi du.

Horrez gain, Zarauzko Udalak leihatila bat ireki du herritarrek 30 zaborrontzi erre dituen kale erasoak eragindako kalteak salatzeko aukera izan dezaten.

Horrela azaldu dio Radio Euskadi hedabideari Jon Urien herriko alkateak, sabotajea inork beregain hartu ez izana "harrigarri" gertatu zaiola adierazteaz gain.

Alde horretatik, gogoratu du Ertzaintzaren ikerketen zain daudela jakiteko erasoek kale borrokarekin zerikusia duten ala ez, herriko jaietan ez baitzen "inolako istilurik izan" eta "jendea oso ondo portatu eta dena primeran atera baitzen".

Ezker abertzaleak adierazpenik egin ez izanaz galdetu diotenean, Urienek azaldu du horrek bi esanahi baino ezin ditzakeela izan: "Edo ez dakite ezer, edo ez dute inplikatu nahi. Ezin esan genezake askorik, ez baitakigu nork erre dituen zaborrontziak; eurek jakingo dute zergatik geratu diren isilik".

Zaborrontziak goizeko 5:30 eta 6:30 bitartean erre zituzten herriko zenbait tokitan. Hainbat ertzain-talde hurbildu ziren sabotajeak gertatutako lekuetara eta bi pertsona identifikatu zituzten kalteen egile susmagarri gisa, atxilotu ez bazituzten ere. Ertzaintzak identifikatutako gazte horietako batek aurrekari penalak ditu istiluengatik eta kale indarkeriagatik, terrorismoaren aurkako iturriek Eferi jakinarazi dioetenez.

Sua itzaltzen ari zirela, Ertzaintzaren bi agentek zauri arinak izan zituzten. Osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten, eskuetan eta besoetan izandako erredura txikiak artatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea