Politika -
Llamasen adierzpenak
Pazientzia 'agortzen' ari dela jakinarazi dio EB-Berdeakek ETAri
Agustin Llamas bozeramalearen esanetan, ETAk isiltasunari eutsi eta indarkeriaren aldeko apustuarekin jarraitzen badu, ezker abertzaleari ETArengandik sendo eta berehala aldentzea komeni zaio.
Erredakzioa
Serafin Llamas, EB-Berdeakeko presidentziako bozeramaleak, abisua bota dio ETAri: "Euskal gizartearen eta ezker abertzalearen pazientzia agortzen ari da. Sei hilabebe igaro dira ''Zutik Euskal Herria'' idatzia onartu zenetik eta ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde egin du, izan ere, ETAk hori kontutan eduki, behar den moduan jokatu eta behin betiko desegiteko momentua heldu da".
Llamasen hitzetan, ETAk "ezker abertzalean izaten ari diren eztabaida entzun eta haren ondorioak kontutan izan behar ditu". Bada garaia "indarkeriaren denborak betiko amaitu direla" onar dezaten eta euren ekintzen bukaera "berehala" iragarri eta "behin betiko desagertzeko erabakia" hartzeko eskatu die Llamasek.
Ezker abertzaleko ordezkariekin egindako bileren inguruak, bere alderdiak ez duela hauetan parterik izan adierazi du bozeramaleak. "Opor garaian gaude. Ikastaro berria iristen denean, orduan ikusiko dugu zer egin".
Gai honen harira, bere alderdia elkarrizketaren alde "beti" egin duela azpimarratu du "euskal gizartea normalizatzeko ezinbesteko tresna delako". Hori ikusita, gizartea ordezkatzen duten indar politiko guztiekin elkarrizketatzeko asmoa agertu du, "elkarrizketarik gabe ez baita behin betiko konponbiderik egongo".