Politika -

Foro Sozialaren dokumentua

Currin: 'Presoak konponbidearen parte bezala ikusi behar ditugu'

IV. Foro Sozialaren txostenak ondoko urratsak aipatzen ditu: presoen eskubideak errespetatzea, salbuespeneko legedia baliogabetzea eta espetxeetako eskumena EAE eta Nafarroaren esku uztea.

Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen koordinatzailea. Argazkia: EFE
Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen koordinatzailea. Argazkia: EFE
Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen koordinatzailea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen koordinatzaileak IV. Foro Sozialaren agiria, euskal presoen eta iheslarien etxeratzeari buruzkoa, babestu egin du. “Presoak konponbidearen parte bezala ikusi behar ditugu, ez arazo bat bezala”, azpimarratu du.

Foro Sozialak Iruñean egindako ekitaldi batean aurkeztu ditu joan den martxoan, Donostian, burutu zuen laugarren asanbladaren ondorioak. Presoak eta iheslariak etxeratzeko bidean, hiru urrats nagusi eman behar direla nabarmendu dute: presoen giza eskubideak errespetatzea; salbuespeneko kartzela-politika bertan behera uztea, legei arrunta aplikatuta; eta espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku utzita.

Currinek Foro Soziala egiten ari den lana goraipatu du, Espainiako Gobernuak “honelako bake prozesu batean izan beharko lukeen jarrera ez duela kontuan hartuta”. Ildo horretan, deitoratu egin du Estatuak oinarrizko eskubideak ez errespetatzea.

Bakegintzarako presoak aintzat hartzea balio handikoa dela adierazi du. “Kontsultak egiten bazaizkie eta haien inplikazioa eta konpromisoa lortzen badira, balore demokratikoen aldeko hautua egin dutela esan nahiko du”, azaldu du.

Eta hori guztia ekintzekin lagunduta joan behar dela esan du, “aske geratzen diren egunean pertsona aktiboak izan daitezen gizartea eta behar bezala gizarteratu daitezen”, erantsi du.

Foro Sozialaren dokumentuari dagokionez, nazioartean onartutako oinarrizko eskubideak biltzen dituela esan du. Ziur agertu da aurrerapenak izango direla eta, hori horrela bada, “gizarteak elkarlanean aritzeko eta adostasunetara heltzeko izan duen gaitasunagatik” izango dela iragarri du.

Alabaina, ohartarazi du bidea “luzea, zaila eta nekeza” izango dela.

Giza eskubideak, legedi arrunta eta kartzeletako eskumena

Currinek hitza hartu aurretik, Foro Sozialaren ordezkariek laugarren asanbladaren ondorioak aurkeztu dituzte, “euskal gatazkan motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsonen integraziorako konponbide oso bat eta adostasun nahikoa izango duena lortzeko”.

Presoak etxeratzeko ibilbide-orriak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragile gehienen babesa izatea aldarrikatzen du Foro Sozialak.

Bide horretan, ondoko urratsak ematea eskatzen du: oinarrizko eskubideak urratzen dituen espetxe-politika amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak edo adinekoak aske uztea, sakabanaketa bukatzea edo presoen intimitate eta ikasketa eskubideak errespetatzea.

Salbuespeneko espetxe-politika bertan behera uztea ezinbestekotzat jo dute, “justizia trantsizionala garatu eta presoei legedi arrunta aplikatzeko”, zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak baldintzapean aske utzita edo eskumenak Espetxe Zaintzarako  Epaitegietara itzulita.

Hirugarren urratsa kartzeletako eskumena Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku uztea izango litzateke, presoak gizarteratzeko plana bat abian jarrita.

Gizarte zibilaren ekarpena

Bestalde, gizarte zibilak ere bere ekarpena egin du eta bere dokumentu propioa aurkeztu du, “adostutako ibilbide-orri bat lantzeko”. Horrenbestez, bilerak egingo dituzte erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragileekin, baita presoen kolektiboekin ere.

Era berean, giza eskubideen defentsan ari diren mugimenduekin lan egiteko konpromisoa hartu dute eta esparru juridikoko pertsonen eta nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatu dute.

Bestalde, Foro Sozialak iragarri du Espainian dagoen iritzian eragiten saiatuko dela, egungo espetxe-politika aldaketa errazteko bidean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak ETA albisteak Gaurko azken orduko albistea Adiskidetzea Euskadin