Politika -
Kaleko indarkeria
Ares: 'Badirudi kaleko indarkeria berpizteko interesa dagoela'
Hamabi bat kontainer kiskali dituzte gaur goizaldean Azkoitian eta Herrizaingo Sailak 'kale borroka' ekintza bat izan dela zabaldu du.
Erredakzioa
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du "zantzu guztien arabera" kaleko indarkeria kasu berri baten aurrean aurkitzen garela. Izan ere, hamabi bat kontainer kiskali dituzte gaur goizaldean Azkoitian. Gauzak horrela, Azkoitiako nahiz Zarauzko erasoak argi eta garbi gaitzesteko exijitu dio ezker abertzaleari, bide baketsuen eta politikoen aldeko apustua egin duela sinesgarri izatea nahi badu.
"Badirudi kaleko indarkeria berpizteko interesa dagoela eta, beraz, euren burua ezker abertzaleko buruzagitzat jotzen dutenek azken egunotako erasoak gaitzetsi behar dituzte", nabarmendu du Aresek.
Agiri batean, Herrizaingo Sailak jakinarazi du kale indarkeria kasu berri bat egin duela pertsona talde batek Azkoitian, hamar inguru edukiontziri su emanda.
Goizaldeko hiruak aldera hasi omen da erasoa eta herriko jaiak ospatzen ari den Azkoitiako zenbait kalera zabaldu omen da.
Azkoitiako Udaltzaingoak ordu horretan izan du lehenengo sutearen berri. Bizkargi kalean edukiontzi bat sutan zegoela ohartu da, eta gero beste zazpi edukiontzi atzeman dituzte sutan Balda kalean eta beste hiru Trino de Urian. Suhiltzaileek itzali dituzte denak, eta Balda kalean aparkatuta zegoen auto batek kalte larriak izan ditu suaren ondorioz.
Ertzaintzak zainketa lanak indartuko ditu datozen asteetan
Ertzaintzak dagoeneko ireki du erasoa egin dutenak identifikatzeko ikerketa. Gainera, "datozen asteetan mota horretako erasoak saihesteko eta egileak atxilotzeko zainketa lanak indartuko ditu", izan ere, kale borroka ekintza berri horrek agerian uzten omen du "abertzale erradikalek Euskal Herriko jaietan presentzia izateko duten asmoa".
Lau eraso astebetean
Azken astean beste hiru eraso izan dira eta 30 zaborrontzi (Zarautz), kamioiak (Andoain) eta Correoseko bulego bat (Zalla) erre dituzte EAEko udalerri ezberdinetan.
Eraso horiek kale indarkeria izan direla adierazi du Ertzaintzak. Dena den, bi kamioi kiskali zituen "nahitako" sutea kale indarkeria kasu bat izan ote den argitzeko ikerketa abian da oraindik.