Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Torres: 'PSEk eragina du Madrilen; transferentzia osorik helduko da'
PSEko zuzendaritzako koordinatzailearen ustez, EAJ enplegu-politika aktiboak atzeratzen saiatuko da berriro.
Erredakzioa
EAJ enplegu-politika aktiboen transferentziaren iritsiera atzeratzen saiatuko dela esan du Mikel Torresek, PSE-Eeko zuzendaritzako koordinatzaileak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Horren aurrean, Patxi Lopez lehendakariak Madrilen eragin handia duela eta konpetentzia hori Euskadira ekarriko duela ziurtatu du Torresek.
Gainera, transferentzia hori "osorik" heltzea eskatzen duenean zertaz ari den argi eta garbi azaltzeko eskatu die jeltzaleei. "20 urtez geldi egon ondoren, konpetentzia hori hona ekartzea da egin behar duguna, izan ere, dirua galtzen aritu gara denbora osoan, transferentzia horri arrazaoi politikoengatik uko egin zaiolako, inolako irizpiderik gabe".
Agintari sozialistak azpimarratu duenez, krisi garai hauetan lehendakariak transferentzia hori lortzea "lehentasun nagusi" bezala jarri zuen. "Konpetentziak iristen direnean, nola ekarri diren azalduko dugu, zein gauzatan islatzen diren eta orduan ikusiko dugu guztiz osorik datozela".
Enplegu-politika pasiboei dagokienez, kasu honetan "kontu handia eduki behar da, tartean Gizarte Segurantzaren kutxa dagoelako era espainiar guztiak maila berdinean jartzen gaituen gauza bakarrenetarikoa da, eta denok ordaintzen dugu".
Aurrekontu Orokorren negoziazioa
2011ko Estatuko Aurrekontuen inguruan, EAJk, bere eskakizunak bete ala ez bete, Zapateroren Gobernua "zalantzan jartzea arduragabekeri hutsa" izango zela adierazi du Mikel Torresek.
Gauzak horrela, EAJri "egoerak buelta eman diezaiokeela" esan dio, ondoren "diputazioen negoziaketak etorriko direlako", hirurak EAJren ardurapean. Honen harira, azken urteetako aurrekontuak sozialisten laguntzarekin aurrera atera dituztela gogoratu die jeltzaleei.