Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

NaBaik ez du Batasunarekin elkartzeko aukera aztertu, Barkosen arabera

Gainera, diputatu nafarrak esan du koalizioak "izateko arrazoia eta etorkizuna" duela. Hori dela eta, baztertu egin du "nahasmena eragin dezaketen pausoak ematea".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroa Baik Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkariak adierazi du bere koalizioak "izateko arrazoia eta etorkizuna" duela, eta baztertu egin du "nahasmena eragin dezaketen pausoak ematea". Batasuna koalizioaren baitan sartu ala ez oraindik ez dutela aztertu argitu du, baina zehaztu du "momentu honetan" ezker abertzalearen "jarrerek" ez dutela NaBairenekin bat egiten.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Barkosek azaldu duenez, Nafarroa Bairen barruan "asko gara proiektuaren aldeko apustu garbia egiten dugunak, izateko arrazoia eta etorkizuna duelako", "herritarren beharrari" erantzuten diolako eta Nafarroan "aldaketaren aitzindari izateko ardura" duelako.

EAk ezker abertzalearengana gerturatzeko emandako pausoei buruz, Barkosek gogora ekarri duenez, "Eusko Alkartasunak behin eta berriz esan du ez duela Nafarroan eraginik izango, akordioa Euskal Autonomia Erkidegora mugatuko dela".

Batasuna NaBairen baitan sartzeko aukeraz galdetuta, "hipotesi bat" besterik ez dela eta ez duela "gertu" ikusten esan du. Gainera, EAk eta ezker abertzaleak ez omen dute horrelakorik eskatu, "momentu honetan ez du ematen Batasunaren ekintza eta estrategia politikoak NaBairekin eta koalizioa osatzen dutenekin bat egiten dutenik".

Gaitzetsi egin behar du

NaBaiko eledunaren esanetan, ezker abertzaleak azken kale erasoak gaitzestea "funtsezkoa da bide politikoa jorratu nahi badute". Era berean, gizartearentzat ere "positiboa" izango zela deritzo, baina "berriro ere, ez dela iristen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea