Politika -
2017rako kontuak
Espainiako Aurrekontu Orokorrei buruzko osoko bilkura gaur hasiko da
Ciudadanos, EAJ, UPN, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta Nueva Canarias alderdiekin akordioa lortu ostean, 2017rako kontuak onartuko direla uste du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen arratsalde honetan 2017ko Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko osoko bilkura abiatuko dute Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Espainiako Gobernuak ez du ezusterik espero, eta 2017rako kontuak onartzeko beharrezko babesa (gehiengo soila, aldeko 176 boto) lortuko duela ziurtzat ematen du. Dena dela, ezinbestekoa izango da botoa emateko orduan diputatuek akatsik ez egitea.
Gauzak horrela, Espainiako Aurrekontu Orokorrak PP, Ciudadanos, EAJ, UPN, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta Nueva Canarias alderdien aldeko botoekin onartuko dira (Guztira, 176 boto). Hala, Alderdi Popularrak aurtengo kontuak aurrera ateratzea lortuko du, aldeko boto gehiago lortuko baititu (oposizioko 174 diputatuk berriz, kontra bozkatuko dute).
Aurrekontu Orokorrak onartzeko, Pedro Quevedo Nueva Canarias alderdiko diputatuaren babesa ezinbestekoa izango da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan daitezen. Alderdi horrek atzo iragarri zuen aurrekontuen alde bozkatuko zuela. Hala, asteazkenean, bozketa egiteko unean, abstenitzea edota aldeko beste boto bat ematea erabaki beharko du ‘176. diputatuak'.
Diputatuen Kongresuan aurrekontuak onartu aurretik, bozketa ugari egingo dira, eta Nueva Canarias alderdiko diputatuaren babesa uneoro izatea ezinbestekoa izango da. Hala, Alderdi Popularrarekin akordioa lortu duten alderdietako diputatu bakar batek kontrako botoa ematen badu, 2017rako kontuak atzera botako dituzte.
Haien proposamenak egingo dituzte oposizioko alderdiek
15:00etan hasiko da Espainiako Aurrekontu Orokorren inguruko osoko bilkura, Madrilgo Kongresuan. Orduan, oposizioko alderdiek haien proposamenak egingo dituzte, aurrekontuei aurkeztutako 5.300 emendakin inguru Batzordeak atzera bota ostean.
Bertan, PPk, Ciudadanosek, EAJk eta UPNk lortutako akordioa nahikoa izan zen oposizioko alderdiek aurkeztutako proposamen gehienak atzera botatzeko. Hala, ehun emendakin besterik ez zituzten onartu, gehienak Alderdi Popularrarenak.
EAJ eta Coalicion Canarias alderdiek Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioa baliatu zuten haien proposamen guztiak kontuan hartzeko, eta Foro Asturiasen emendakin batzuk ere onartu zituzten. Dena dela, Pedro Quevedo Nueva Canariaseko diputatuaren proposamenak atzera bota zituzten (Oraindik ez zuen akordioa itxi Rajoyrekin, eta, trukean, Kanariar irlek 204 milioi euro gehiago jasoko dituzte garraiobideetan).
Bestalde, Ciudadanosi dagokionez, egindako proposamen batzuk onartzea lortu zuen, baina PPk beste bat atzera bota zuenez, bozkatzeke zeuden emendakin guztiak alde batera utzi zituen Albert Riveraren alderdiak. Hala, proposamen horiek osoko bilkuran berriro ere aurkezten dituen ikusteke dago.