Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Poliziaren biktimen legea behin-behinean baliorik gabe utzi dute

Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegitea onartu du Auzitegi Konstituzionalak.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi du, behin-behinean, 1978 eta 1999 urteen artean izandako polizia gehiegikerien biktimak aintzat hartzeko euskal legea, Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea onartuta.

Araua 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak eta izena, zehatz-mehatz, hau da: 'Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-jardueren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legea'.

Espainiako Gobernuak bere helegitean dio lege horrek Konstituzioa urratzen duela eta hori argitu bitartean Auzitegi Konstituzionalak araua indargabetu du.

Poliziaren biktimen legea EAJk eta PSE-EEk adostu zuten. Sozialistek aurkeztutako zuzenketa ia guztiak onartu zituzten jeltzaleek. Zuzenketa gehienak Konstituzioa edo Estatuaren eskumenak urra zitzaketen artikuluak aldatzea izan zuten helburu, Espainiako Gobernuak helegitea jartzea ekiditeko asmoz.

Ildo horretan, "legez kanpoko errepresioa" bezalako hitzak testutik kendu egin zituzten eta uko egin zioten armak edo lehergailuak manipulatzerakoan hil edo zauritu ziren pertsonak biktimatzat hartzeari.

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak 15 eguneko epea dute orain, auzibidean aurkeztu eta alegazioak egiteko.

Espainiako Gobernuak dio poliziaren biktimen euskal legeak Estatuari dagozkion eskumenak urratzen dituela, baita eskumen judizialak ere. Horixe aztertu eta argitu beharko du orain Konstituzionalak.

Gaur baliogabetutako arauaren asmoa da orain arte aitortuak izan ez diren giza-eskubide urraketa larrien biktimei errekonozimendua eta ordaina ematea. Bere garaian, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu zuen lege hori "ezinbesteko pieza" zela bizikidetza eraikitzeko.

Jaurlaritzak alegazioak aurkeztuko ditu

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren berri izan ostean, Eusko Jaurlaritzak iragarri du alegazioak aurkeztuko dituela poliziaren biktimen arauak legea errespetatzen duela defendatzeko.

Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ebazpena aztertuko dute, Konstituzionalak esaten duena eta Espainiako Gobernuak erabiltzen dituen argumentuak zeintzuk diren ezagutzeko; izan ere, "oraingoz ez dakigu zeintzuk diren argudio horiek".

Jaurlaritzak erantsi du espero zutela Auzitegi Konstituzionalak errekurtsoa tramitera onartzea, polizien biktimen arauak "legea errespetatzen badu ere".

"Espainiako Gobernuak ez zuen helegiterik aurkeztu behar, baina, tamalez, hala egin du eta gainera artikulu batzuk automatikoki bertan behera uzteko duen gaitasuna erabili du horretarako", salatu du ohar baten bidez.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du poliziaren biktimen legearen baitan aintzat hartutako pertsonen aitortzeko eta haien eskubideen alde lanean jarraituko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Espainiako Auzitegi Konstituzionala Polizia abusuen kasuak