Politika -

11 gazte auzipetuta

83 alkatek Altsasuko auzia Nafarroan epaitzea eskatu dute

Gazteen senitartekoek egindako galdearekin bat egin dute, besteak beste, Bilboko, Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko alkateek.

Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bat. EFE
Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bat. EFE
Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bat. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko 80 alkatek baino gehiagok, tartean lau hiriburuetakoek, Altsasuko auzia Nafarroako Lurralde Auzitegian epaitzea eskatu dute.

Sinatzaileen artean daude Bilboko, Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko udaletako agintari gorenak: Juan Maria Aburto, Eneko Goia, Joseba Asiron eta Gorka Urtaran. Horrez gain, ekimena babestu dute Nafarroako ia 50 alkatek, Gipuzkoako 20 batek, Bizkaiko 10ek eta Arabako lauk.

Hori horrela, sostengua adierazi diote auzipetutako 11 gazteen gurasoek eta legelari eta erakunde ugarik egin duten eskaerari. Hau da, urriaren 15eko liskarra ez dadila terrorismo delitutzat jo —kasua Auzitegi Nazionaletik Nafarroako Auzitegira igaro dadila, beraz—, eta preso dauden gazteak aske utz ditzatela.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak eta Altsasuko Udalak egindako eskaerekin bat egin dute sinatzaileek. Adierazpen instituzional banatan, bi erakundeek euren desadostasuna adierazi zuten gazteen kartzelatzearekin, proportzionaltasuna aldarrikatu zuten, eta auzia Nafarroara ekartzeko exijitu zuten.

Javier Ollo Altsasuko alkatea, Sonia Ontoria abokatua eta Iñaki Lasagabaster EHUko Zuzenbide katedraduna ibili dira sinadurak biltzen, eta hurrengo asteetan atxikimendu gehiago biltzea espero dute.

Altsasuko liskarra Nafarroako Lurralde Auzitegiak ikertu zuen aurrena. Egun batzuetara, ordea, Auzitegi Nazionalak hartu zuen bere gain, ekintzetan terrorismo delitua zegoela ulertuta. Auzia etenda geratu da asteon, Gorenak eskumen gatazka argitu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa gaur Eneko Goia Gorka Urtaran EAE Joseba Asiron Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Parlamentuko albisteak Altsasu albisteak Gazteak albisteak