Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bileretan Urkulluri ezker abertzalea ez zaio fidagarria iruditu
EAJren presidenteak onartu egin du "sektore horren barruan politika egin nahi dutenekin harremanak" izan ohi dituztela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak onartu egin du ezker "abertzalearen barruan politika egin nahi dutenekin harremanak" izan ohi dituztela. Hala ere, ezker abertzaleko ordezkariek bileretan ez diotela konfiantzarik eman aitortu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Urkulluk adierazi duenez, ezker abertzalearekin bildu direnetan EAJk "behin eta berriz" esan die "ezin dugula erakunde terrorista baten aginduek suposatzen duten Damoklesen ezpatarekin bizi".
"Abertzaletasunaren ideologiaren jabe izan nahi dutenei, abertzaletasunak berez esan nahi duenaren kontra egiten ari direla esan behar zaie, izan ere, abertzaletasunak nazio eraikuntza du oinarrian, eguneroko lana", Urkulluren esanetan.
Era berean, EAJk argi utzi omen die ezker abertzaleko ordezkariei ez daudela prest "erakundeetako bizitza politikotik harago doazen beste estrategia batzuen jokoan sartzeko". "Euskal herritarrok dugun ondarerik garrantzitsuena Euskal Herriaren instituzionalizazioa da eta hortik jo behar dugu euskal gizartea konbentzitzeko", gaineratu du Urkulluk.