Politika -
Agerraldia Bilbon
Patxi Lopez: 'Inoiz baino kale borroka ekintza gutxiago izan dira'
Lehendakariaren esanetan, erasoak egiten dituztenek "gizartea eta erakundeak aurrez aurre izan dituzte", eta ezker abertzalearen "isiltasuna" kritikatu du.
Erredakzioa
Inoiz baino kale indarkeria ekintza gutxiago izan direla nabarmendu du gaur Patxi Lopez lehendakariak, egileek "erakundeak eta gizartea aurrez aurre izan dutelako". Horren harian, izandako erasoen aurrean ezker abertzaleak emandako "erantzun baliogabea" kritikatu du lehendakariak. "Isiltasuna edo erasoek ezer onik ekarriko ez digutela esatea ez da erantzun bat ematea", azpimarratu du Bilboko Jaietan egin duen agerraldian.
Lopezen hitzetan, "herri honetan pairatzen dugun indarkeriaren aurka arituko direla da mundu horretatik espero dugun erantzun bakarra". "Indarkeriarekin erabat apurtu dutela erakusten duten ekintzak ikusi behar ditugu, eta oraindik ez dugu horrelakorik ikusi".
Erasoak gorabehera, uda eta euskal hiriburuetako jaiak "lasaiak" izan direla azpimarratu du. "Lasaitasuna izan da nagusi, herritarrek gero eta leku handiagoa dute eta terrorismoa goraipatzeko ekimenek gero eta txikiagoa".
Lehendakariren ustez, egoera hau euskal gizartearen jarrerari esker lortu da, "legea urratzen dutenekin tolerantziarik gabeko politika ulertu eta babestu duelako".
ETAren su-eten berri baten inguruko zurrumurruei buruz ere aritu da Patxi Lopez. Jaurlaritzako buruaren esanetan, "ETAk desagertu egingo dela iragarri behar du. Hortik kanpo, beste ezerk ez digu balio".
"Su-etena iragartzea ez da nahikoa izango. Azken su-etena bi hildakorekin amaitu zuten. Ez dugu adierazpenik entzun nahi, ekintzak nahi ditugu", gaineratu du.
EAJ-PSOE negoziazioari "adi" egongo dira
Estatuko Aurrekontuen negoziazioari buruz ere hitz egin du Bilboko agerraldian. Horren inguruan, Jaurlaritza "adi egongo da" PSOEren eta EAJren arteko negoziazioek "Euskadiri kalte egin ez diezaioten".
Azkenik, eskaria egin dio EAJri, jeltzaleek "euren interesen eta Euskadiko herritarren interesen artean" aukera dezaten.