Politika -
Bilboko Aste Nagusia
Ostiraleko manifestazioaren ordez ekitaldi politikoa egingo dute
Euskal Herriko eskubideen aldeko manifestazioa, beraz, ez dute egingo, eta, horren ordez, ekitaldi politikoa izango da Bilboko Zabalburu Plazan.
Erredakzioa
Ostiraleko manifestazioaren ordez ekitaldi politikoa egingo dutela iragarri dute gaur elkarretaratzea deitu zuten hiritarrek. Euskal Herriko eskubideen aldeko manifestazioa, beraz, ez dute egingo; horren ordez, ekitaldi politikoa izango da Bilboko Zabalburu Plazan.
Ohar batean jakinarazi dutenez, Herrizaingo Sailak iragarritako "debekuen ondorioz" hartu dute erabakia. Deitzaileen ustez, Jaurlaritzak "baldintza iraingarriak" inposatu nahi dizkie ibilbidearen inguruko "inposaketak" erabiliz.
Hasiera batean Zabalburu Plazan hasi behar zuten manifestazioa, Hurtado Ametzaga kaletik jaitsi eta Bilboko Udaletxearen aurrean bukatu. Protesta horrek, baina, ibilbide horretan larrialdiei aurre egiteko dauden postuen lanari eta Bilboko Jaiei eurei eragingo ziela argudiatuta, beste ibilbide bat proposatu zuen Herrizaingo Sailak. Hori onartuz gero, manifestazioak Zabalburu Plazatik Aita Donostia Plazarainoko bidea egingo zukeen.
Ibilbide alternatiboa onartu barik, deitzaileek beste bat proposatu zioten Herrizaingo Sailari, baina Jaurlaritzak ez zuen beste proposamen hori ere onartu, jaietako ekitaldiei nabarmen eragingo ziola eta larrialdietarako zerbitzu publikoen lanari traba egingo ziola argudiatuz.