Itxi

Politika

KONGRESUA

Otegi: 'Iraultza kontserbadorearen aurrean EH Bildu da alternatiba'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Militanteen % 84k babestu dute EH Bilduren zuzendaritza berria. Ponentzia politikoak eta estatutuek ere gehiengo zabalaren babesa jaso dute; % 93 inguruk bozkatu dute bi dokumentuen alde.

1:32

EH Bilduren I. Kongresuan parte hartu duten militanteen % 84k Arnaldo Otegik proposatutako zuzendaritza talde berria babestu dute. Gauzak horrela, ondorengo kideek osatuko dute alderdi politiko horretako zuzendaritza berria: Arnaldo Otegik, Garikoitz Mujikak, Ainhoa Beolak, Koldo Castañedak, Maider Carrerek eta Josu Juaristik. Halaber, militante gehienek (% 93 baino gehiagok) dokumentu politikoaren eta estatutuen alde bozkatu dute.

EH Bilduk Bilboko Euskalduna Jauregian antolatu du larunbat honetan alderdiaren birsortze kongresua, orain arte izandako koalizio izateari utzi eta ahalmen exekutiboa duten organoak aukeratzeko.

Guztira 2.456 pertsonek parte hartu dute I. Kongresuan egindako bozketan. Militanteen % 84k (2.147) babesa eman diote Otegik proposatutako zuzendaritza talde berriari, % 10ek (267) kontra bozkatu dute eta gainontzeko % 5ek (132), aldiz, zuriz bozkatu dute.

Zuzendaritza berriari dagokionez, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia izango da, Garikoitz Mujika zuzendari nagusia eta Koldo Castañeda Komunikazio arduraduna. Ainhoa Beola programa zuzendaria izango da, eta Maider Carrere Barne Antolaketako zuzendaria. Bestalde, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua Nazioarteko zuzendaria izango da.

Halaber, zuzendaritza talde berriaren mahaian lau hiriburuetako koordinatzaileak izango dira: Ibon San Saturnino (Araba), Asier Vega (Bizkaia), Unai Larreategi (Gipuzkoa) eta Jon Garai (Nafarroa). Gainera, aurreko koalizioa osatzen zuten talde bakoitzak ordezkari bat izango du mahai horretan.

Era berean, talde parlamentarioetako ondorengo koordinatzaile eta bozeramaileek parte hartuko dute bertan: Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz (Nafarroa), Unai Urrizuno eta Maddalen Iriarte (Eusko  Legebiltzarra) eta Marian Beitialarrangoitia (Kongresua/Senatua).

Ponentzia politikoak

Dokumentu politikoari dagokionez, 724 militantek alde bozkatu dute, 14k kontra eta 34k zuriz. Estatutuen bozketaren emaitzak oso antzekoak izan dira: aldeko 724 boto jaso dira, 15 kontra eta 34 zuriz.

Bestealde, Kontu Batzordeak aldeko 724 boto jaso ditu, 9 kontra eta 39 zuriz. Azkenik, Berme Batzordeak 705 militanteren babesa lortu du, kontrako 19 boto jaso ditu eta 43 militantek zuriz bozkatu dute.

"Kataluniaren bataila gurea ere bada"

Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria egin du Arnaldo Otegik, eta Espainiar estatuak herritarrekiko "inolako erabaki politikorik hartzeko eskubiderik" ez duela azpimarratu du.

"Euskal Herrian iraultza kontserbadore bat dago martxan, eta EH Bildu da haren alternatiba", Otegiren hitzetan. "Guk iraultza kontserbadore horren aurrean jarriko dugu iraultza demokratikoa", gaineratu du.

"Euskal Herrian inork ez lioke babesik eman beharko Kataluniako herritarrei mehatxu egiten dien alderdi bati; galdeketa bat egiten uzten ez duena eta buruzagi politikoei mehatxu egiten diena", esan du Otegik.

Ildo horretatik, "Katalunian askatasunaren eta duintasunaren aldeko bataila" burutzen ari direla esan du, eta han egiten ari diren askapenaren bataila "Euskal Herriarena ere" dela esan du, "herrialdearen askatasuna jokoan" baitago.

Bere esanetan, denbora gehiago edo gutxiago iraun dezakeen arren, atzerapausorik ez duen prozesua da, bidean jartzen dituzten traben arabera.

EH BILDU BOZKETA EITB

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena