Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Jaurlaritzak 'gogor' defendatuko du poliziaren biktimen euskal legea

Jonan Fernandezek azpimarratu du legeak berme juridiko guztiak dituela eta, ondorioz, araua bertan behera uzteko erabakia baliogabetzea eskatu du.

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak "gogor" defendatuko du polizia gehiegikerien biktimen euskal legea eta Auzitegi Konstituzionalak ezarritako debekua baliorik gabe uztea eskatuko du.

EH Bilduk eskatuta, Fernandezek agerraldia egin du Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, Espainiako Gobernuak aipatu legearen kontra jarritako errekurtsoaren aurrean Eusko Jaurlaritzak emango dituen urratsak azaltzeko.

Legeak Balorazio Batzorde bat sortzea aurreikusten du, poliziaren biktimen eskaerak aztertzeko. Espainiako Gobernuak dio justiziari dagozkion eskumenak urratzen dituela batzorde horrek eta Auzitegi Konstituzionalak errekurtsoa onartu egin zuen.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak legea irmoki defendatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Fernandezek joan den maiatzaren 12an azaldu zituen Jaurlaritzak erabiliko dituen argudioak eta gogoratu du Balorazio Batzordeak izaera "administratiboa" duela soilik.

Hortaz, berretsi egin du organismoa horrek ez duela epaileei eta auzitegiei dagozkien eskumenik urratzen.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak poliziaren biktimen legea bertan behera uzteko erabakia "berehala" baliogabetzeko eskatuko  du.

Nolanahi ere, Fernandezek erantsi du Auzitegi Konstituzionalaren behin-behineko erabaki honek ez duela Balorazio Batzordea martxan jartzea galarazten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Auzitegi Konstituzionala Bakea Euskadin Polizia abusuen kasuak