Politika -

Urte politikoaren hasiera

EAJk enpleguaren eskumena ez oztopatzea espero du lehendakariak

Patxi Lopezek esan du Eusko Jaurlaritzak transferentzia hori negoziatzen jarraitzen duela. Bestalde, ezker abertzaleari "ETArekin lotzen duen zilbor-hestea mozteko" eskatu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen eskumena "negoziatzen" jarraitzen duela eta EAJk "kontra ez jokatzea" espero duela.

Patxi Lopezek Donostian egin ditu adierazpenok, opor osteko lehenengo Gobernu Kontseilua amaitu eta gero, Miramar Jauregian. Donostiaren 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza babestuz ekin dio hitzaldiari.

Gero, enplegu politika aktiboen eskumena "gure esku" izateko lanean dihardutela azpimarratu eta "besteek ere gauza bera egitea eta kontra ez jokatzea" espero duela gaineratu du, EAJri erreferentzia eginez.

Bestalde, gutxi barru 2011ko aurrekontuak aurkeztuko dituztela iragarri du. "Zorrotzak" izango diren arren, "Euskadik behar dituen erreforma sakonen lehenengo harriak jarriko dituela" iritzi dio lehendakariak.

Horren harira, aurten ere euskal erakundeetako aurrekontuak onartze aldera "iazko jarrera errepikatzea" espero du: "Guk behintzat mantendu egingo dugu ardura hori erakunde guztietan. Gainerakoek ere gauza bera egingo dutela espero dugu".

Indarkeria

Lehendakariak uste du "pixkanaka biolentoak inguratzen" ari direla eta "Euskadiko giroa garbitu" dela. Hala ere, azkenaldian "kale indarkeria berriz agertu" izanak "totalitarioen jardunak hor dirauela gogorarazten digu". Testuinguru horretan, ezker abertzaleari "ETArekin lotzen duen zilbor-hestea mozteko" eskatu dio.

ETAri dagokionez, "ia desagertuta" badago ere "min" egiteko gaitasuna duela ohartarazi du Patxi Lopezek. Kale indarkeria kasuak ETArekin lotu ditu, "ekintza gutxiko garaian berpiztu" ohi direlakoan.

Lehendakariaren esanetan, ezker abertzaleak, kale erasoen aurrean, "ez zaizkiola komeni" esatea edo "ezer ez esatea gauza bera dira".

Hala eta guztiz ere, "indarkeriak behera" egin duela goraipatu du eta horrek turismoaren sektoreari mesede handiaegin diola, izan ere, EAEko BPGren % 5,3ra iritsi omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea