Politika -
Kontseilu Politikoa
Aralarrek 'bere eskuetan dagoen guztia egingo du bakea lortzeko'
Gainera, "Euskal Autonomia Erkidegoan ezkerreko alternatiba abertzale bat indartzen jarraitzea da" bere helburua.
Erredakzioa
Aralarreko koordinatzaileordearen, Jon Abrilen, esanetan, "bakearen garaia da", herria eskatzen ari da eta alferrik galdu ezin dezakegun aukera baten aurrean gaude. Halaber, bere alderdiak "bere esku dagoen guztia egingo du bakea lortzeko", gaineratu du.
Hitzaldian esan duenez, "bakea eta giza eskubideak lortzea eta eskubide zibil eta politikoak berrezartzea da orain lehentasuna". Aralarren lana "horrekin lotuta dago, eta ez bestelako akordioekin, ezta hauteskundeei buruzko proposamenekin ere; "bakearen garaia da".
Horren harira jakinarazi duenez, Aralarren maiatzeko udal eta foru hauteskundeak prestatzen ari dira, eta horretarako, barne prozesuak abiatzen; "udazkenean hautagaiak aukeratuta amaituko dira".
"Euskal Autonomia Erkidegoan ezker abertzale politikoaren eskaintza argi bat egitea, eta ezkerreko alternatiba abertzale bat indartzen jarraitzea da" horren helburua. Nafarroan, berriz, "NaBairen eskutik, gobernu abertzale eta aurrerakoi baten alternatiba erreala eskainiko du".
Gainera, Aralarren arabera, "Patxi Lopezen gobernu ahul eta agortuari oposizio sendoa egiten jarraituko dute; izan ere, hauteskundeetan agindutakoak betetzeko gai ere ez da, arazoak besteek konpontzeko zain dago eta etengabe kexu da".