Politika -
Erantzuna
Ares: 'Eskoltak egokitzeak ez du zerikusirik ETAren su-eten batekin'
Herrizaingo sailburuak EAEko eskolta zerbitzua berrantolatzen ari direla onartu du. Neurri horrek ETAk etorkizunean deitu lezakeen su-eten batekin zerikusirik ez duela nabarmendu du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak baieztatu egin du EAEko eskolta zerbitzua egokitzen ari direla "arrisku ebaluaketa" baten arabera. Neurriak "ez du zerikusirik" ETAk etorkizunera begira erabaki lezakeen su-eten batekin, Aresen hitzetan.
Horrela erantzun dio Aresek El Correo egunkariak argitaratutako albisteari. Artikuluaren arabera, Barne Ministerioak eta Herrizaingo Sailak Euskadin mehatxuak pairatzen dituzten pertsonei eskaintzen dieten eskolta zerbitzua egokitzeko plana abiatu dute.
Euskal Herriko Eskolten Elkarteak, baina, salatu egin du Barne Ministerioak eta Herrizaingo Sailak EAEko 50 politikari, enpresari eta kazetariri babesa kendu izana.
Babesa duten pertsonen arrisku maila ebaluatuko dutela azaldu du Herrizaingo sailburuak. "Azterketa horren emaitzek eta babestutako pertsonen egoera aldatzeak eramango gaituzte erabakiak hartzera".
Erabaki honen helburua "eraginkorragoak izatea" dela esan du Aresek, baita "objetiboki arriskuan dauden pertsonak babestea ere". ETAren mehatxua eta babesa behar dutenen egoera kontutan izango dituzte erabakiak hartzerako orduan. Herrizaingo sailburuak gogoratu duenez, batzuk "erantzukizun politikoa" edo erakundeetan ordezkaritza utzi egin dute eta, ondorioz, aurrerantzean ez dute eskoltarik behar izango. "Ez da aurrezte arazoa", Aresen hitzetan.
Bilbon egindako agerraldian nabarmendu duenez, eskolta zerbitzuarena "gai garrantzitsua da", era "erantzukizun handiz" aztertu beharrekoa. Halere, erabaki horrek "ez du zerikusirik" ETAren balizko su-eten batekin, Aresek Bilbon egindako agerraldian adierazitakoaren arabera.