Politika -
Bakearen Etxea
Patxi Lopez: 'Demokrazia terrorismoaren gainetik garaile aterako da'
Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroarekin batera, lehendakariak Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea inauguratu du Donostian.
Erredakzioa
"Diktadurarekin gertatu zen moduan", demokrazia terrorismoaren gainetik eta "Euskadi mehatxatzen duen pentsamolde totalitarioaren" gainetik garaile aterako dela esan du gaur Patxi Lopez lehendakariak.
Donostian egin ditu adierazpenok, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroarekin batera, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea aurkezteko ekitaldian. Aiete Jauregian kokatuko da Bakearen Etxea, bere garaian Francisco Francoren udako etxea.
Ekitaldian egon dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; Arantza Quiroga Eusko Lagebiltzarreko presidentea; Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Blanca Urgell eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn eta Donostiako Udaleko ordezkari politikoak.
Han egon dira ere, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari Maixabel Lasa; Barbara Dührkop europarlamentari sozialista ohia eta Enrique Casasen alarguna; Alfonso Morcillo Udaltzaingoko sarjentuaren alargun Caty Romero; Francisco Etxebarria Aranzadiko presidentea; Alberto Surio EITBko zuzendaria eta Mikel Olaciregi Donostiako Zinemaldiko zuzendaria.
Patxi Lopezen agerraldia
Lehendakariaren hitzetan, Euskadiren erronka nagusia "oroimenaren eta justiziaren gainean euskal herritarren askatasun kolektiboa ezartzea" dela adierazi du, horrela, "bizikidetzaren, tolerantziaren eta desberdinarekiko begirunearen zutabeak apurtezinak" bilakatzeko.
Ekitaldi horretan, askatasunaren eta EAEn eta munduan Giza Eskubideen defentsa "oinarri" duen eta sinboloa den Bakearen Etxea aurkeztu du. Frankoren udaleku zenak "bizikidetzaren, errespetuaren eta tolerantziaren" ateak zabaldu ditu, esan du Patxi Lopezek.
Gune berri horretan proiektu guztiak sartu daitezke, "bortizkeria eta intolerantzia" izan ezik; izan ere, "hemen ahotsa berreskuratzen dute horrenbeste alditan herri honetan isilarazi nahi izan dituztenek".
Eraikin horrekin "justizia" egiten dela uste du Lopezek; izan ere, "gertatutakoa ahaztea krimena ahaztea bezala izango litzateke, eta beraz, biktimei berriro gogora ekarriko genieke atentatua ahanztura eta bakardade moduan".
Bestalde, Kultura ministroaren hitzetan, "bakea ez da soilik bortizkeriaren aurkako", eta "gatazkak alfonbraren baten azpian gordetzen" bakea ez da lortzen.
Azkenik, Odon Elorzak munduan izandako Giza Eskubideen bortxaketa kasu asko gogora ekarri ditu; besteak beste, Mexikon hildako 72 etorkinena edo Frantziako ijito errumaniarren kanporatzeak. Ildo horretan, EAEn terrorismoaren auzia "konpontzear" dagoela gogoratu du.