Politika -
Eusko Legebiltzarra
Aralarrek etorkizun baketsua prestatzeko eskatu dio Jaurlaritzari
Aintzane Ezenarro bozeramaileak azpimarratu du "bake esperantza" piztu duen "elementu berriak" antzeman dituela ezker abertzalearengan.
Erredakzioa
Aintzane Ezenarro Aralarrek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan du "bake esperantza berria" dagoela eta Eusko Jaurlaritzari indarkeriarik gabeko etorkizunerako testuingurua prestatzen hasteko eskatu dio.
Gasteizko Legebiltzarrean emandako prentsaurreko batean, Ezenarrok urte politikorako dituzten lehentasunak azaldu ditu. Hori horrela, "bakerako esperantza berri bat" eta udal-hauteskundeak aipatu ditu helburu nagusi gisa.
Ezenarroren arabera, "bake esperantza" piztu duen "elementu berriak" daude ezker abertzalearengan, eta bakea lortzeko aukera berri baten aurrean daudela uste du.
Horren harira, "bake iraunkor baterako oinarriak jartzea beharrezkoa" dela azpimarratu du eta Jaurlaritza ekintza polizialetan zentratzea kritikatu. "Indarkeriaren zikloari amaiera emateko akordio zabala lortu behar da, bazterketarik gabeko bakea, garailerik eta galtzailerik gabekoa", buruzagi abertzalearen iritziz.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzari ekimena hartzeko eta euskal agente politiko eta sozialekin elkarrizketak abiatzeko eskatu dio.