Politika -

ETAri eskaria

Pello Urizar (EA): 'ETAk su etena agindu behar du lehenbailehen'

Urizarren esanetan, ETAri su etena agintzeko EAk eta Ezker Abertzaleak idatzitako dokumentua beste alderdi eta sindikatuei bidali diete "idatzi komun eta zabalago bat" egiteko asmoz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"ETAri lehenbailehen erantzun positibo bat ematea baino ez zaio geratzen" adierazi du gaur Pello Urizar, EAko idazkari nagusiak. Horixe da, Urizarren esanetan, EAk eta Ezker Abertzaleak idatzitako dokumentuari ETAk eman diezaiokeen erantzun bakarra.

Urizarren hitzak atzo ateratako dokumentuaren harira datoz. Bertan bai EAk eta bai Ezker Abertzaleak eskaera garbia egiten diote ETAri: "Behin betiko su etena, nazioartean egiaztatu daitekeena".

EAko agintariaren ustez, idatziak "eskaera garbia" islatzen du, sinatzaileek "aurrerapen nabarmena beharrezkoa" dela ikusten dutelako.

Honen harira, testua beste alderdi eta sindikatu batzuei helarazi dietela esan du Urizarrek. Honen helburua ahalik eta akordio zabalena lortzea da, baina ETAri ez diotela bidali azpimarratu du, izan ere, "euskal gizartea ordezkatzen duten taldeekin" bakarrik jarri nahi dutelako harremanetan.

PP eta PSE-EEri ere dokumentua bidaliko dioten galdetu diotenean, Urizarren erantzuna argia izan da: "Hori egiteko ez dugu inolako arazorik, baina jakin badakigu alderdi eta talde batzuk elkarrizketa eta negoziazioarekin zerikusirik duen edozeren kontra daudela, euren apustua bide poliziala delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea