Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Patxi Lopez: 'ETAren agiriak ez du aurrerapauso esanguratsurik'

Lehendakariak adierazi duenez, ETAren iragarpena"ez da "nahikoa", euskal gizarteak "behin betiko desagertzea" nahi baitu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du ez dagoela "aurrerapauso esanguratsurik" ETAk igande honetan igorritako agirian, izan ere, "ez da nahikoa" eta ez dio erantzuten euskal gizartearen eskariari, "behin betiko desagertzea" nahi baitu.

BBC telebista kate britainiarrak esklusiban publikatutako agirian, ETAk iragarri du "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela duela "hilabete batzuk".

Hori horrela, gaur goizean Radio Euskadin eskainitako eta ETBk eta eitb.com-ek ere zuzenean emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako buruak esan du "pilota" ETAren "teilatuan" dagoela oraindik: "Haiek hartu behar dute armak behin betiko uzteko erabakia".

Nolanahi ere, ETArenean ez ezik, pilota ezker abertzalearen teilatuan ere badagoela ohartarazi du, "terrorismoarekin lotura oro" hautsi egin behar baitu.

"Askoz gehiago nahi dugu; ETA desagertzea nahi dugu eta, bien bitartean, terrorismoaren aurkako borrokan irmo jarraitu behar dugu", adierazi du lehendakariak, eta ez diola "gure askatasuna zaintzen" utziko esan dio ETAri.

Legez kanpo dagoen ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezteko aukeraren inguruan, "hori haien esku egon da beti", lehendakariaren arabera, baina "erakundeetan egotea eta indarkeria babestea guztiz bateraezina da", gaineratu du.

Horrez gain, ETAren iragarpenari buruzko iritzia eman zuten ezker abertzaleko buruek "eginbehar hori euren gain hartzeko gai izan ez izana" gaitzetsi du, eta "gehiago nahi zutela esateko nahikoa adorerik ez izatea" leporatu die.

ETAren agiriaren aurrean Euskadiko alderdi nagusien "bat etortzea" balioetsi du lehendakariak, eta adostasun hori PSE-EEko kide guztiak barne hartzen dituela gaineratu du.

EAJ eta PPko kideekin hitz egin zuen atzo Lopezek. Horren esanetan, "talde terroristaren pauso baten aurrean" hiru alderdietan "ia inoiz ezagutu ez den batasun maila dago".

"Atzokoa ez zen nahikoa izan", esan du, eta "uste osoa dugu indarkeriari aurre egiteko oinarri demokratikoei eutsi behar diegula" eta "demokraten batasuna terroristak ahultzeko tresna ezinbestekoa da", gaineratu du..

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea