Politika -
Auzitegi Nazionala
83 urteko zigorra eskatu dute Gorka Palacios ETAko kide ohiarentzat
Akusatua 2003an atxilotu zuten, ETAko buruzagi militarra zelakoan, eta, joan den azaroan, Pariseko Zigor Auzitegiak 18 urteko kartzela zigorra ezarri zion.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 83 urteko kartzela zigorra eskatu du Gorka Palacios ETAko buruzagi ohiarentzat 2001eko uztailaren 10ean egindako atentatuagatik. Polizia nazional bat hil zen.
Epaiketan, akusatuak ez dizkie defentsak eta Juan Moral fiskalak egindako galderei erantzun. Moralek Luis Ortiz de la Rosa hiltzea leporatu dio eta hilketa terrorista eta hondamen eta lesio delituak egotzi dizkio. Horrez gain, beste 16 lesio faltengatik 21.600 euroko isuna ezartzea eskatu du Fiskaltzak.
Fiskalak adierazi duenez, Palaciosek autoa Madrileko Ocaña kalean, Justizia Ministerioaren Ordezkaritzaren parean, utzi ez zuen arren, "lagundu egin zuen"; izan ere, Madril komandoko kideekin batera beharrezko informazioa jaso ostean, lehergailua prestatu zuen eta, ondoren, atentatua aldarrikatu zuen.
Atentatu horretan beste hogei pertsona zauritu ziren eta fiskalak Ana Belen Egues eta Aitor Garcia Aliaga dagoeneko epaitutako ETAko kideen deklarazioetan oinarritu du bere akusazioa; izan ere, gertakarien kontaketa "zehatza" eskaini zuten. Hala ere, Eguesek eta Garcia Aliagak deklarazioak idatziz eman zizkietela eta behartuta eta torturatuta sinatzera derrigortu zituztela esan dute eta ez dituzte berretsi.
Gorka Palacios 2003an atxilotu zuten, Frantzian, ETAko buruzagi militarra izatea leporatuta. Horregatik, Juan Ibon Fernandez Iradi "Susper" buruzagi ohiarekin batera epaitu zuten eta joan den azaroan 18 urteko kartzela zigorra jarri zion Pariseko Zigor Auzitegiak.
Horrez gain, fiskalak Palaciosek Luis Ortiz de la Rosaren familiari 300.506 euroko kalte-ordaina eta elbarri gelditu zen beste herritar bati 180.304 eurokoa ordaintzea eskatu du.