Politika -

Irailaren 14an

Udalbiltzako auzipetuen aldeko ekitaldi bat debekatu dute Madrilen

Akusatuak terrorismoagatik auzipetu zituztela eta, ondorioz, horien aldeko ekitaldi batek "beste pertsona batzuen kontrako indarkeria" suposa dezakeela uste du Gobernu Ordezkaritzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltza auziko akusatuen aldeko ekitaldi bat debekatu du Gobernuaren Ordezkaritzak Madrilen. Ekitaldia irailaren 14an, Reina Sofia museoaren plazan ,egitekoa zen. Udalbiltza kasuko auzipetuak Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira.

Ekitaldia deitu zutenek erabakia errekurritu dute. Akusatuak, Batasunako kideak, terrorismoagatik auzipetu zituztela gogorarazi du Gobernuaren Ordezkaritzak, ondorioz, euren aldeko ekitaldi batek "beste pertsona batzuen kontrako indarkeria suposa" dezakeela uste du.

Gainera, "prozedura judiziala kontuan hartuta, posible den heinean, gure epaileek eta auzitegiek presiorik ez izatea komeni da, euren lanean eraginik ez izateko", erantsi du Gobernuaren Ordezkaritzak.

Epaiketa uztailean hasi zen eta datorren astelehenean berriz hasiko da. 10 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu fiskalak 22 akusatuentzat. 22 lagunak ETAko kide izateagatik eta ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik auzipetu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea