Politika -
Arabako ustelkeria auzia
Gerenabarrena: 'EAJ ez da oztopo izango batzordea abian jartzeko"
PSEk eta PPk datorren astean erregistratu nahi dute Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea osatzeko proposamena. Nahikoa boto dute, baina alderdi gehiagoren babesa nahi dute.
Erredakzioa
Arabako ustezko espioitza eta ustelkeria kasuen ikerketa batzordea, urrian jar daiteke abian Eusko Legebiltzarrean. PPk eta PSEk boto nahikoa dute ekimena aurrera ateratzeko. Dena dela, gainerako alderdiek, EAJ barne, aurreratu dute ez direla oztopo izango. Horrela, Iñaki Gerenabarrena ABBeko presidenteak adierazi duenez, "EAJ ez da oztopo izango ikerketa batzordea abian jartzeko".
PSEk eta PPk datorren astean erregistratu nahi dute Gasteizko Ganberan ikerketa batzordea osatzeko proposamena. Nahikoa boto dute Jaurlaritzako bi bazkideek ekimena onartzeko, baina alderdi gehiagoren babesa nahi dute.
Arabako hainbat politikari eta enpresari espiatu omen zituen sarea ikertzea eskatzen dute eta herrialde horretako ustelkeria hainbat kasu, zehatzago, Kultura Sailetik eta teknologi elkarteetan eginiko kontratazio batzuk.
PP eta PSEren proposamena sinatuko ez dutela aurreratu du Gerenabarrenak, baina baita ez direla oztopo izango ere. Bestalde, Aralarrek ezezko borobila eman dio, "alderdikeria" deritzolako.
Zortzi kazetari auzipetuta
Bestalde, Arabako ustezko ustelkeria auzian inplikatutako lagunen zenbait abokatuk aurkeztutako salaketa onartu du Arabako Probintzia Auzitegiak, eta sumario-sekretuan ziren datuak argitaratzeagatik zortzi kazetari inputatu ditu. EAJrekin lotura duten dozena bat lagun auzipetuta daude kasuan.
Radio Euskadik jakitera eman duenez, zortzi kazetarien auzipetzearekin sumarioko informazioa prentsari filtratu zion pertsona aurkitu nahi du Auzitegiak. Zortzi kazetariek Arabako Probintzia Auzitegian aurkeztu beharko dute urrian.
Era berean, ustezko espioitza auziko sumario-sekretua irailaren amaierara arte luzatzea erabaki du Arabako Probintzia Auzitegiak. Bestalde, Ines Perez, Gurutz Larrañaga Kultura sailburuorde ohiaren idazkaria, lekuko gisa deklaratzera deitu du epaitegiak. Datorren asteartean agertu beharko du Gasteizko Justizia Jauregian.