Politika -
Elkarrizketa ETBn
Muñozek larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin du
ELAren idazkari nagusiak Adierazi EH!k deitutako manifestazioa (Auzitegi Nazionalak debekatua) izan du hizpide, eta horren ordez deitutako protesta ekitaldia egin egingo dela agertu du ziur.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak Bilbon larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die "pertsona onei", Auzitegi Nazionalak Adierazi EH!k deitutako manifestazioa debekatu eta horren ordez deitutako manifestazio berriari erreferentzia eginez.
EAEko sindikatu nagusiaren buruak ETBn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "manifestazioa egin egingo da" eta sindikatuak parte hartzeko asmoa du. Muñozek protesta ekitaldian parte hartzeko deia berretsi du, "pertsona guztien" eskubideak era demokratikoan eta baketsuan aldarrikatzea helburu. Izan ere, Muñozek uste du "pertsona askoren eskubideak urratzen" dituztela "dena ETA da" esanez.
Bestalde, sindikatuko buruak ETAren erabakia baloratu du eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari "Espainiako eskuinak egin duen gidoia" jarraitu duela leporatu dio. "ETAren jarduera behar dute", horrekin "Espainiako Estatuko eztabaida politikoa sinplifikatzen" omen dute eta.
ELAren idazkari nagusiarentzat, erakunde armatuaren agirian "elementu berriak" agertzen dira eta orain "mehatxupean daudenek arnasa lasaiago hartzen dutela" uste du.