Politika -

Auzitegi Nazionala

Bilbon deitutako bigarren manifestazioa ere debekatu nahi du fiskalak

Larunbateko protestak atzo debekatutakoaren "helburu berbera" duela uste du. "Lege iruzurra" omen dago, "legez kanporatutako alderdien eragina saihesteko" beste alderdi batzuk erabili dituztelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak biharko Bilbon deitu duten bigarren manifestazioa debekatzea eskatu du, atzo debekatutakoaren "helburu berbera" duelakoan eta "lege iruzurra" ikusi duelako, izan ere, EA eta Aralar alderdiak erabiliz "legez kanpokoen eragina saihestea" izan omen dute helburu.

Fiskalaren arabera, Adierazi EH!k deitutakoaren "debekua saihestea" da deialdi berriaren helburua, beraz, manifestazioarekin "botere judizialaren agintea urratu nahi izatea" leporatu die deitzaileei.

Hori dela eta, "lege iruzurra" denez, "helburu bakarra" Moreno epaileak atzo hartu zuen erabakia baztertzea dela iritzi dio epaileak, eta "konstituzionalki ezin zaio uko egin" eskariari "lege aldetik beharrezkoa baita" ekimen berria "guztiz errefusatzea".

Gainera, "alderdi batzuen legez kanporatzea saihesteko legezko alderdiak (ANV eta Askatasuna) erabiltzeari buruz" Auzitegi Konstituzionalak "lege iruzurraren dotrina" berretsi izan duela gogorarazi du fiskalak.

Morenok, Fiskaltzaren eskariari erantzunez, Adierazi EH! Plataformak deitutako manifestazioa debekatu zuen "ETAren ekintzak justifikatzea eta bere estrategia babesteko" helburua zuen "zantzu argiak" ikusita.

Zaragozak uste du deialdi berriak debekatutakoaren hasiera puntu eta ordu berbera dituenez, ez dagoela alde "handirik" Adierazi EH!k deitutakoarekin.

Hori horrela, manifestazioa bertan behera gera dadin "Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari berriro" beharrezko neurriak har ditzala eskatzeko exijitu dio fiskalak epaileari, "delituak saihesteko eta horien egileak nortzuk diren zehazteko izapideak zuzentzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea