Politika -
Bilera informatiboa
Bilboko manifestaldi berrian parte hartzera deitu dute deitzaileek
Euskadin aro politiko berri bat zabaltzearen alde agertu dira deitzaileak eta protesta berria debekatzeko Auzitegi Nazionalak egindako eskaera ez dute aintzat hartu izan nahi.
Erredakzioa
"Adierazpen askatasunaren" alde biharko aurrikusita dagoen manifestaldian, Bilbon, parte hartzeko deia egin dute deitzaileek, baina protesta berria debekatzeko Auzitegi Nazionalak egindako eskakizuna ez dute aintzat hartu izan nahi.
Larunbateko protestak atzo debekatutakoaren "helburu berbera" duela uste du Fiskaltzak. "Lege iruzurra" omen dago, "legez kanporatutako alderdien eragina saihesteko" beste alderdi batzuk erabili dituztelako.
Jone Goirizelaia ezker abertzaleko abokatuak, Sabin Intxaurraga (EA) Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak Bego Campok (Aralar) eta Ander Rodriguez Arrasateko zinegotziak (Alternatiba) agerraldia egin dute gaur Bilbon, manifestaldian parte hartzeko deia egiteko.
Galderarik onartuko ez zutela ohartarazi dute hizlariek bilera informatiboaren hasieran. Era berean, Fiskaltzak deialdi berria debekatzeko egindako eskakizunari buruz mintzatuko ez direla jakinarazi dute.
Bilera informatiboa Fiskaltzaren eskaeraren berri izan baino lehen deitu zuten. Prentsaurrekoan, deialdia irakurri dute gazteleraz, ingelesez eta euskaraz, eta Euskadin aro politiko berri bat zabaltzearen alde agertu dira deitzaileak.
Ezker abertzalea
Bestalde, pausoak emateko eskatu dio Gobernuari Txelui Moreno ezker abertzaleko bozermaileak, nahiz eta "nahikoak ez" izan. Bide "politiko eta demokratikoen" alde egindako apustuarekin Batasunak legezko izateko baldintzak betetzen dituela adierazi du Morenok.
"Ezker abertzaleak ozen eta argi esan du. Gehiago oihuka daiteke, baina argiago ezin daiteke azaldu", esan du Morenok prentsaurrekoan.
EA
Auzitegi Nazionalak Bilbon deitutako manifestaldia debekatzeko hartutako erabakia "bidegabekeria" dela salatu du Maiorga Ramirez Nafarroako EAko idazkariak. Ramirezen ahotan, "Estatuak bizitzaren aldeko errespetua bultzatzen duen manifestaldi bat debekatzea gehiegikeri demokratiko bat da".