Politika -
Ekinen kontrako operazioa
Rubalcaba: "ETAk ezker abertzalearengan duen eragina murriztu dugu"
Espainiako Barne ministroak berretsi du ez dutela terrorismoaren kontrako politika aldatuko ETAren iragarpenaren aurrean.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak azpimarratu du Ekinen kontrako polizia-operazioarekin kolpe handia eman diotela ETAren "gizarte mobilizazio gaitasunari", izan ere, atxilotutako bederatziak "ezker abertzalea zuzentzen" omen zuten.
Horixe adierazi du Perez Rubalcaba ministroak Guardia Zibilaren Ofizialen Akademiaren irekiera ekitaldian emandako hitzaldian.
"Operazioarekin, ETAk politika alorrean duen eragina murriztu dugu eta gizarte mobilizazio gaitasuna kendu diogu", Rubalcabak azpimarratu duenez.
Barne Ministerioaren buruak berretsi du ez dutela terrorismoaren aurkako politika aldatuko ETAren iragarpenaren aurrean, eta "hala izango da" erakunde armatuak "indarkeria betiko uzten duen arte".
Guardia Zibilak bederatzi pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Euskadin, Nafarroan, Aragoin eta Kantabrian, Ekineko zuzendaritza osatzea egotzita, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak baieztatu duenez.