Politika -

Gutun batean

Rajoyk Melillara egingo duen bisita 'zirikatzailetzat' jo du Marokok

Bidaia marokoarren "duintasunaren eta sentimendu nazionalaren kontrako eraso" bat dela adierazi du Abas el Fasi Marokoko lehen ministroak, Rajoyri zuzendutako gutun batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPko buruzagiak bihar Melillara bidaia egitea aurrikusita du. Bisita "zirikatzailetzat" jo du Abas El Fasi Marokoko lehen ministroak, Istiqlal alderdi nazionalistaren idazkari nagusi gisa.

Bidaia marokoarren "duintasunaren eta sentimendu nazionalaren kontrako eraso" bat dela adierazi du El Fasik, Rajoyri zuzendutako gutunean. MAP albiste-agentzia ofizialak argitaratu du gutuna.

"Guk, Istiqlal alderdian, gure desengainu sakona adierazi nahi dugu, eta bisita zirikatzailea arbuiatu", azaldu du El Fasik gutunean. Bidaiak "bi herrialdeen arteko klima adeitsua nahas dezake", Marokoko lehen ministroaren hitzetan.

El Fasiren ahotan, "Marokoko herrian sustraituta diren sentimenduen aurkako eraso bat da eta bi erresumen arteko errespetuzko harreman adeitsua nahas dezake".

Bisita polemikaren ostean

Udako polemikaren ostean Rajoyk Melillara egiten duen aurreneko bisita izango da. Melillako mugan Espainiako Poliziak ustez jo egin zituela salatu zuten Marokoko bost gaztek.

Bestalde, Rajoyren biharko agenda mantendu du Alderdi Popularrak, eta Marokoko lehen ministroaren gutunaz mintzatzea baztertu du, PPko zuzendaritzaren iturriek azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea