Politika -

Elkarrizketa ETBn

Basagoiti: 'EAk ETA-Batasunarekin duen egitasmoak porrot egingo du'

Horrez gain, Basagoitik adierazi du Arnaldo Otegiri eta Batasunari kartzelak "mesede" egin diela, euren proiektua aurrera eramateko "aukerarik ez dutela ulertu dutelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearen esanetan, ez du EArekin bilera bat egiteko gonbidapenik jaso, baina ez luke inolako arazorik izango batzar horretara joateko.

Aitzitik, bilera horren asmoa EA eta ezker abertzalearen arteko hitzarmena aztertzeko bada, PPk ez duela ezer esateko erantsi du. "EAk ETA-Batasunarekin duen egitasmoak porrot egingo du. Ez dut ezer EAren aurka, baina jarrera horrekin ez diote inolako mesederik egiten terrorismoaren amaierari".

ETBn egindako elkarrizketa batean, Basagoitik esan du berak atera duen "ondorio positibo bakarra" ETA "menderatu" daitekeela eta "bakea inoiz baino hurbilago dagoela, azken urteotan terrorismoaren aurka izandako politikak mundu horretan nolabaiteko krisia eragin duelako".

Ildo horretan, Basagoitik adierazi du Arnaldo Otegiri eta Batasunari kartzelak "mesede" egin diela, euren proiektua aurrera eramateko "aukerarik ez dutela ulertu dutelako".

Ezker abertzaleak modu batera edo bestera datozen hauteskundeetan parte hartzea lortuko balu horrek PSE-PP akordioa kolokan jarriko lukeen galdetuta, erabat sinetsita agertu da ezker abertzalea ez dela datozen hauteskundeetan egongo. "PSEk jakin badaki terrorismoarekin amaitzeko gaudela hemen; Batasunak ez du datozen hauteskundeetan parte hartzerik izango eta, beraz, PSE-PP hitzarmena ez dago arriskuan", esan du Basagoitik.

Ezker abertzalearen eta sozialisten arteko balizko kontaktuei buruz ere hitz egin du. "PSEren eta ezker abertzalearen arteko ustezko kontaktuen gaineko berririk ez dut. Terrorismoaren aurkako borrokak egia-erdiak eta gezurrak ditu oinarrian; horregatik, nik egiten direnak hartzen ditut kontuan, azken polizia-operazioa esate baterako", esan du.

Basagoitik berretsi egin du ETAri eta ezker abertzaleari ez zaiela "eskua luzatu behar", bide polizialak eta judizialak erabili behar direla eta ETAk hartu behar duen erabaki bakarra indarkeria uztea eta armak betirako entregatzea dela.

"Terrorismoaren arazoa inolako itxaropenik ez dutenean amaituko da. Bide hori amaitzeko gutxi falta da", azpimarratu du. Ezker abertzaleari ere mezu argia igorri dio: "Independentzia defendatzea zilegia da, baina ingurukoak errespetatuta eta legeak onartuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea