Politika -
Akordio prozesua
Alderdi guztiekin elkarrizketa hasteko eskatu dio Gobernuari Lokarrik
Lokarriren proposamenaren arabera, "bake iraunkor bat finkatzea, giza eskubide guztiak bermatzea eta adiskidetze prozesu bat aurrera eramatea" izango ditu helburu elkarrizketa horrek.
Erredakzioa
Lokarri kontsultaren eta akordioaren aldeko herritarren sareak alderdi guztiekin elkarrizketa hasteko eskatu dio Gobernu zentralari, "Batasuna barne". Horrela, "euskal alderdi politikoen artean akordio prozesu baten baldintzak, oinarriak, edukiak eta gai-zerrenda ezarriko dituzte".
"Bake iraunkor bat finkatzea, indarkeria eta borroka urte askoren ostean biktimak artatzea, giza eskubide guztiak bermatzea, sektore politiko guztiak barneratzea eta adiskidetze prozesu bat aurrera eramatea" izango ditu helburu elkarrizketak, Lokarriren esanetan.
Proposamena prentsaurrekoan aurkeztu du gaur Lokarrik. Lokarriren bozeramaileen ahotan, bake-prozesua bideragarria izateko bi baldintza bete behar dira: "Atzeraezintasuna", ETAren indarkeria itzultzeko mehatxuak "aurrerapausoak oztopatzen dituelako", eta Batasunaren "legalizazioa, baldintza berdinetan parte hartzeko aukera izan behar duelako".
Komunikatu baten bidez, "ETAren azken iragarpena bakerako bidean erabakigarria izan" daitekeela adierazi du Lokarrik, baina alderdi eta gizartean "konfiantza sortzeko duen gaitasuna mugatua" dela onartu du, armak "behin betiko uzteko erabakia izan denik ez duelako baieztatu".