Politika -
Prentsaurrekoa Iruñean
Ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan izango dela esan du
Espainiako Gobernuari "etekin politikoak" ateratzeko indarkeria erabiltzen jarraitzea leporatu diote. Ezker abertzalearena, berriz, proiektu "ireki, bateratzaile eta eraldatzailea" azpimarratu dute.
Erredakzioa
Legez kanpoko EAEko kargu hautatuek "adierazpen instituzionala" egin dute gaur Iruñan. Horren arabera, ezker abertzalea 2011ko hauteskundeetara aurkeztuko da "herritarrentzat bidezkoa eta hobea" den proiektua defendatzeko.
Fermin Irigoyen Berriozarreko zinegotziak eta Mariné Pueyo, Iruñekoak, komunikatua euskeraz irakurri dute. Bertan, "Alderdien Legeak eta oinarrizko beste eskubide batzuk murrizten dituzten gainontzeko legeek ez dute galarazi, eta etorkizunean ere ez dute egingo, ezker abertzaleak udaletan eta erakundeetan egin beharreko lana", esaten dute.
Estatu Espainiarrak, "etekin politikoa atera nahian, ez du indarkeriaren erabilera alde batera utzi", dio ezker abertzaleak. Horren aurrean, ezker abertzaleak "tranparik gabeko" proiektua aurkezten du; "Estatu mailan dagoen indarren korrelazioa aldatzeko, ezkerrekoa eta abertzalea den esparruaren artikulazioa inplementatzeko. Herriz-herri eta auzoz-auzo.
Hori dela eta, "eztabaida ireki, bateratzaile eta eraldatzaile" bat bultzatzeko konpromisoa hartu dute Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala sortzeko. Horren harira, EAk irailaren 10ean aurkeztutako dekalogoa "eztabaida hori artikulatzen hasteko erreferentzia ezin hobea" dela diote.
Gauzak honela, ezker abertzaleak herritarrei deia luzatu die "ezarritako sistemaren aurrean gizarte alternatiba eraginkorra" sortzeko. Era berean, ezkerreko alderdi politiko abertzaleei "errealitatea errotik aldatuko duen akordioak egitea" eskatu die.