Politika -
Diada 2017
Indar erakustaldia, erreferendumaren atarian
Diada berezia izango da aurtengoa. Arratsalderako deitutako mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen alde Katalunian dagoen indar aniztasuna utzi nahi du agerian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rafael Casanovari egindako lore-eskaintzarekin abiatu dituzte, urtero bezala, Diadako ekitaldi ofizialak, 09:00etan. Kataluniako erakunde, alderdi eta elkarte nagusietako ordezkariek hartu dute parte ekitaldi horretan, 1714an Bartzelona setiatu zutenean hildako Casanova kontseilaria omentzeko. Hortik aurrera, gainerako ekitaldi ofizialez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte alderdiek eta elkarteek, bakoitzak bere aldetik.
Arratsaldeko manifestazioa izango da, zalantzarik gabe, eguneko ekitaldirik ikusgarriena eta jendetsuena. ANC, Omnium Cultural eta AMI taldeek antolatuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko inoizko aldarririk ozenena egin nahi dute, urriaren 1eko erreferendumaren atarian.
Hala, batzuek eta besteek begirada guztiak mobilizazio horretan jarrita dituzte, erreferendumak izango duen babesaren neurgailua izango delakoan.
Kataluniako Parlamentuak erreferendum legea onartu eta bost egunera egingo da mobilizazioa, tentsio politiko handiaren erdian, eta Espainiako Gobernuak jarritako helegiteek prozesua kolokan jarri dutenean.
ANC, Omnium Cultural eta AMI elkarteen iritzian, demokrazia ariketa anitza eta jendetsua izango da gaur arratsaldekoa, herritarrek erreferendumarekin duten konpromisoa erakusteko abagunea. "Urriaren 1eko erreferendumaren lehen urratsa izango da", horien esanetan.
'Baietzaren Diada' goiburupean, milaka eta milaka herritarrek gurutze bat irudikatuko dute Bartzelona erdigunean, irudi horren adar bakoitzarekin Kataluniako lau eskualdeak islatuz.
17:14an, une nagusia
Behin gurutzea irudikatuta, mutur batetik bestera oihalak zabaltzen hasiko dira, lau denera, eta 17:14an ertzetatik erdiguneraino zabalduta egongo dira. Horietako bakoitzean mezu edo aldarri bat egongo da idatzita: erreferendumean baietzaren alde bozkatzeko deia egingo dute batean, erreferenduma demokrazia dela egongo da idatzita beste batean, askatasunaren eta bakearen aldeko leloa izango du hirugarren batek, eta abuztuaren 17an Bartzelonan eta Cambrilsen izandako atentatuetan hildakoak izango dituzte gogoan laugarrenean, horien aldeko mezu baten bidez.
Manifestazioaren amaieran, ekitaldi nagusia egingo da Catalunya plazan. Hitzaldiak eta musika uztartuko dituzte bertan.
ANCk emandako datuen arabera, dagoeneko 400.000 herritarrek baino gehiagok eman dute manifestazioan parte hartzeko izena.
Puigdemont
Bestalde, atzo, Diada bezperako ekitaldi ofizialean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak berretsi zuen, "oztopoak oztopo, erreferenduma berme guztiekin" egingo dela. "Dena prest dugu", esan zuen.
Horren esanetan, erreferenduma gizartea batzeko tresna da, ez zatitzeko, eta gizartea zatitzen duena herriari hitza ez ematea dela gaineratu zuen.