Politika -

Katalunia erreferenduma

U-1ean 'parte-hartze demokratikoa errazteko prest' azaldu da Colau

Kataluniako hiriburuko alkateak ez du argitu oraindik lokalak utziko ote dituen kontsultaren egunean. "Agintari on batek herriaren eskakizunak entzuten jakin behar du", esan dio Rajoyri.

Colau eta Puigdemont, gaurko Diadan. Argazkia: EFE
Colau eta Puigdemont, gaurko Diadan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1erako deituta dagoen independentziaren aldeko erreferenduma dela eta, Ada Colau Bartzelonako alkatea "parte-hartze demokratikoa errazteko erabat prest" agertu da.

Halere, Kataluniako hiriburuko alkateak oraindik ez du argitu kontsultaren egunean lokalak utziko ote dituen, eta Generalitateari gutun bidez galdetu dio ea nola utz daitezkeen lokalak funtzionarioak eta erakundeak arriskuan jarri gabe.

Gutunaz galdetuta, honakoa erantzun du Colauk: "Parte-hartze demokratikoa errazteko erabat prest gaude. Generalitatearekin hitz egiten jarraituko dugu eta ikusiko dugu nola erraz litekeen guztiek modu askean iritzia ematea".

"Esan bezala, nire erantzukizuna da erakundearen eta horren langileen segurtasuna bermatzea, eta nire egitekoa da hiritar guztien eskubide, askatasun eta parte-hartzea babestu eta bermatzea, eta normaltasun osoz partu ahal izatea U-1ean", baieztatu du.

Horrez gain, Diadaren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, katalanek "Kataluniaren erabakitzeko eskubideaz" alaitasunez baina irmo erantzuten duten eguna baita.

Bartzelonako alkateak, era berean, Mariano Rajoyri ohartarazi dioenez, "agintari on batek herriaren eskakizunak entzuten jakin behar du, eta oraingoan Katalunian herritar askok oinarrizko gauza bat eskatzen dute: erreferenduma".

"Rajoyk ezin du epaileen eta fiskalen atzean ezkutatzen jarraitu. Ezin dugu irudi lotsagarri horiek ikusten jarraitu", esan du egunotan U-1eko erreferenduma antolatzeko lanekin lotuta miaketak egin direla eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Bartzelona Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak