Politika -
Politika Orokorreko Bilkura
Oposizioak uste du Patxi Lopez aparte geratu dela EAJren akordioarekin
Legebiltzarreko alderdietako bozeramaileek Parlamentuko korridorean hitz egin dute lehendakariaren hitzaldiari buruz, arratsaldean hitza hartu aurretik.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdientzat "etsigarria" eta "agortua" izan da Patxi Lopez lehendakariak Politika Orokorreko Osoko Bilkuran eman duen hitzaldia, eta bai EAJk bai PPk uste dute enplegu politiken transferentziari buruzko akordioak "aparte" utzi duela lehendakaria.
Legebiltzarreko alderdietako bozeramaileek Parlamentuko korridorean hitz egin dute lehendakariaren hitzaldiari buruz, arratsaldean hitza hartu aurretik.
Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramailearentzat lehendakariaren hitzaldiak "ez zuen norabiderik politikoki" eta ez du "autogobernuaz hitz egiteko sinesgarritasunik".
Egibarrek esan du "bakoitza bere lekuan" geratu dela Espainiako Gobernuak eta EAJk transferentziari buruz lortu duten akordioaren ondoren. Buruzagi jeltzaleak uste du lehendakaria ez dagoela politikaren "champions leaguen", ez "bakartu" dutelako soilik, egin duen kudeaketagatik baizik.
Egibarrek EAEren zorra urte eta erdian seikoiztu egin dela gogorarazi du eta 2013rako hamaika aldiz handitzeko "asmoa" duela.
EAJren bozeramaileak zergeio buruzko eztabaida datorren urtean irekitzeaz hitz egin, eta azpimarratu du euskal gizarteak ezin duela itxaron ordura arte.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren ordezkariak, berriz, lehendakariaren akordio politika babestu du, eta Patxi Lopezek egin duen moduan, gustura agertu da EAJ autogobernuaren bidera itzuli delako.
PSOEk eta EAJk Madrilen lotutako akordioa ere izan du hizpide eta jeltzaleak "Espainian gobernatzeko gaietan" sartu izana ospatu du.
Leopoldo Barreda PPren legebiltzarkideen bozeramaileak ETAren kontra lehendakariak erakutsi duen jarrera goraipatu du, baina ekonomia alorrean "bere burua zuritu" duela kritikatu du, enplegua berreskuratzetik "urrun" dagoelako, PPko buruzagiaren esanetan.
Enplegu politika aktiboen eskumenari dagokionez, dokumentua irakurri ahal izatea eskatu du, "hiritar espainiarren arteko elkartasuna hausteko arrisku argia" dagoelakoan.
"EAJk lehendakaria toki txarrean uztea lortu du eta Zapaterok jokoari jarraitu dio", ebatzi du Barredak.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearentzat lehendakariaren hitzaldia "agortua" dago, eta "bere burua konbentzitzeko ere arazoak ditu".
Egin duen iragarpen "bakarra" zergari buruzko eztabaida "ia urtebete atzeratuko duela" izatea gaitzetsi du.
Enplegu politika aktiboei buruz, "aurrerapauso garrantzitsu eta positiboa" izan dela azaltzeaz gain, "erdibidean" geratu dela salatu du, "Gernikako Estatutuak Gizarte Segurantzaren kudeaketa ere aurreikusten baitu".
Juanjo Agirrezabala EAren legebiltzarkideak, bere aldetik, ohartarazi du "arduragabekeria bat" dela "bakerako ateak" irekitzeko garaian lehendakariak bere burua hortik kanpo uztea, izan ere, politikari abertzaleak uste du euskal gizarteak ez duela "merezi" egun horren "zain bulegoan geratzen den" lehendakari bat.
EBko Mikel Aranak adierazi du Patxi Lopezen hitzaldia "kontraesankorra eta etsigarria" izan dela eta, gainera, salatu egin du lehendakaria "politika aktiboen arloan ikusle hutsa izatera eta ETAren amaiera kanpotik begiratzera mugatu" izana.
Bestalde, UPyDren bozeramaile Gorka Maneirok azpimarratu du lehendakaria "triste, epel eta zalantzati" agertu dela eta ez dela oso sinesgarria izan. Era berean, "duela 16 hilabete egindako promesetako asko bete gabeutzi eta berriak aurkeztu izana" kritikatu du.