Politika -

Politika Orokorreko Bilkura

Aralar: 'Normaltasunaren diskurtsoarekin jendea urruntzen duzue'

"Gatazkarik ez dagoen oasi batean bizi zaretela sinestera heldu zarete. Gainera, herritarren gehiengoak esaten duenaren entzungor egiten duzue", esan dio lehendakariari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak "normaltasunaren diskurtsoarekin jendea urruntzea" egotzi dio Patxi Lopezen Gobernuari. Lopezen Exekutiboak defendatzen duen normaltasunak "adierazpen askatasuna murrizten eta aniztasuna zapaltzen" duela salatu du Ezenarrok.

Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Eztabaidan, PPrekin akordioak lortzeko Gasteizko Exekutiboak "beste guztiei bizkarra" eman diela azaldu du Aralarreko ordezkariak."Gatazkarik ez dagoen oasi batean bizi zaretela sinestera heldu zarete. Gainera, herritarren gehiengoak esaten duenaren entzungor egiten duzue", esan dio lehendakariari. Lopez "herritarretik urrundu" dela erantsi du Ezenarrok.

"Gobernu akitu eta agortu baten aurrean gaude", adierazi du Aralarreko legebiltzarkideak. Jaurlaritza "ezinean dago, eta eskuak lotuta ditu", gaineratu du.

Bestalde, Lopezek "lidergoa hartzeari uko egin" diola azaldu du Ezenarrok. Lehendakariak "ez du lorpenik" erdietsi eta "urte guztiko hitz berdinak" erabili ditu hitzaldian, "hitz hutsak", Aralarreko ordezkariaren ahotan.

Gobernuaren "ahultasuna eta besteekiko menpekotasuna" ezkutatu nahi dutela salatu du Ezenarrok.

Ekonomia

"Krisitik atera garela adierazi du lehendakariak, baina datuek kontrakoa esaten dute", esan du Ezenarrok ekonomiari buruz. "Egiten duzun irakurketa, Gobernuari komeni zaiona da", erantsi du.

Hala ere, "atzeralditik atera gara bai, baina ez krisitik", onartu du Aralarreko ordezkariak.

Azkenik, "zorra hirukoiztea" eta "Estatutua ez defendatzea" egotzi dio lehendakariari.

Lehendakariaren erantzuna

Gobernuaren ekintza bakarra presoen kartelak kaleetatik kentzea izan dela ezeztatu du Patxi Lopezek. "Kudeaketa egunez-egun ikusten dena da" erantzun dio Ezenarrori.

Lehendakariak Aralarreko ordezkariak terrorismoaren aurkako politikaren aurrean azaldutako jarrera kritikatu du.

"Gure kaleak ETAren propagandarik gabe egoteari hain garrantzi gutxi ematea atsekabetu egiten nau, niri oinarrizkoa iruditzen zait, euskal gizartearen gehiengoak onartutako politika delako". Bukatzeko, lehendakariak "negoziazioa indarkeria ez dagoenean bakarrik" egongo dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea