Politika -
Politika Orokorreko Bilkura
UPyD: 'PSOE-EAJ akordioak kutxa bateratua hausten du'
Gorka Maneiro UPyD alderdiko legebiltzarkidearen ustez, lehendakariak hezkuntza politika bezalako alorretan "ez du aurrerapausorik egin eta ez du konpromisorik bete".
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyD alderdiko parlamentariak esan duenez, enplegu politiken transferentzia egiteko PSOEren eta EAJren arteko akordioak "ez du oso leku onean utzi Patxi Lopez lehendakaria" eta Osakidetzaren kutxa bateratuari eragiten dio; hortaz, "espainiarren arteko berdintasuna eta solidaritatea ere hautsi ditu".
Maneiroren hitzetan, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa "oso larria" da, eta "sozialismoak abertzaletasunaren aldarrikapen historikoak bere gain hartu ditu", gaineratu du.Bestalde, "Lopezek ezin izan du azken hamasei hilabeteetako lorpenik saldu", parlamentariaren iritziz, eta aipatu dituenetako batzuk "ezin izan ditu lortu", esan du.
Hezkuntza alorrean, lehendakariaren "aurrerapauso falta eta konpromiso eza" eta enpresa eta erakunde publikoetan izandako murrizketak kritikatu ditu UpyD alderdiko ordezkariak. Halaber, eredu aurrerakoia lortzeko, erreforma fiskal bat egiteko saiakerarik egin ez izana salatu du.
"Su-etenek ez dute balio, ETAk zelatan egoteko erabiltzen baititu. ETA zain dago, alderdiek iritzia aldatzearen zain", esan du Maneirok.
UPyD alderdiko ordezkariak "ETArekin hitz egitea baztertzeko" eskatu dio lehendakariari, eta zuzenbide estatua aplikatzearen aldeko apustua egitea eta Legebiltzarretik kanpoko mahaietan ez parte hartzeko hitza ematea.
Lehendakariaren erantzuna
Patxi Lopez lehendakariak Gobernuak "ETAren ahultasun egoera" zer sortu duen "oso argi daukala" erantzun dio Gorka Maneirori. Patxi Lopezen hitzetan "demokraten batasunak eta tolerantzia ezak" eragin du. "Hori da guk egin duguna eta egingo duguna", esan du.
Lehendakariaren hitzetan, lan politiken trasferentziarekin PSOEk ez du "abertzaleen tesirik onartu". Patxi Lopezen arabera, Estatutuaren trasferentzia da eta sozialistak "Estatu sena" erabiliz aritu dira.