Politika -
Politika Orokorreko Bilkura
Basagoiti:'PSOEren berekoikeriaren gainetik lidergoa hartu behar duzu'
"ETAren estrategiak ez du demokraten bidea etengo", esan du PPko buruak.
Erredakzioa
"Pertsonak hiltzeagatik edo hiltzeari uzteagatik ematen diren sariak indarkeria bermatu egiten dutela argi uzten duen bakegintza politika" aurrera eramateko exijitu dio Antonio Basagoiti PPko buruak Patxi Lopez lehendakariari. "ETAren estrategiak ez du demokraten bidea etengo", gaineratu du.
Politika Orokorreko Osoko Bilkuran egindako diskurtsoan, ETAri eta ekonomiari buruz aritu da gehien bat Basagoiti. "Sendotasun demokratikotik" abiatuta ETAri "irabazi" behar zaiola esan dio lehendakari. "Kaputxadunak eta bitartekariak soberan daude; ezin ditugu iraganeko akatsak errepikatu".
Horregatik, bakegintza politiketan lidergoa hartzeko eskatu dio Patxi Lopezi, "demokraziari prestigioa emateko" eta "egitasmo eta bitarteko totalitarioei zilegitasuna kentzeko behar den guztia balioan jarriz". "Demokraziaren garaipenetik oso gertu gaude", azpimarratu du Basagoitik.
"Lehendakariak konfidantza islatu eta demokraten apustuaren konpromezu zintzoa ondo azaldu behar du. Bakeaz eta askatasunaz hitz egiten duenean, entzun egin behar zaio, ozen eta argi, ausardiaz eta konstantziaz jarraitutako bideak bakean eta askatasunean bizitzera eramango gaituela argi utziz".
Hiltzeagatik edo hiltzeari uzteagatik emandako sariek indarkeria bermatu egiten dute", nabarmendu du PPko buruak.
Eskumenen "elkartrukatzea" ere kritikatu du Basgoitik. Enplegu Politika Aktiboen gaineko akordioaren xehetasunak ezagutu nahi dituela esan du eta lehendakaria "negoziazio horren buru" izan behar zela berretsi du. "Rodriguez Zapateroren berekoikeriaren gainetik egon behar da lehendakaria", gaineratu du.
Arlo ekonomikoan, Eusko Jaurlaritzak datuak "desitxuratu" egiten dituela uste du Basagoitik. "130.000 herritar langabezian daude, hori da daukagun egia".
Zergak igotzearen aurka eta gastu arrunta murriztearen alde agertu da. Administrazioa "argaltzeko" eskaera ere egin du eta gizarteari "oraindik garai gogorrak datozkigula" argi esatea.
Lehendakariaren erantzuna
"Oinarrizko gaietan" PPko buruzagiarekin ados agertu da Patxi Lopez lehendakaria. Lopezen hitzetan, "irmotasun eta printzipio horiek aurrerapausoak ematea ahalbidetu dute".
"Oinarrizko gaietan batasuna finkatuta dago Euskadin", azpimarratu du agintariak. Gainera, Basagoitik erabilitako esaldi bat errepikatu du Lopezek: "Demokraziak integratu nahi duena integratzen du". Horrela, Eusko Legebiltzarraren ordezkaritzari egin dio erreferentzia lehendakariak.
Hala ere, enplegu politika aktiboen eskumena lortzeko negoziaketei buruz PPk emandako iritziarekin bat ez datorrela esan du Lopezek. Lehendakariaren esanetan, negoziazioa "ez da salerosketa" izan. "Akordio horrekin ez da kutxa bateratua apurtzen", erantsi du.