Politika -

Politika Orokorreko Bilkura

EAJk negoziatzera 'eskutik' joateko gonbitea egin dio lehendakariari

Joseba Egibarren hitzetan, Gobernuak "ez du benetako erantzunik krisiari aurre egiteko" eta Lan Politika Aktiboen trasferentzia beharrizan egoera batean "kendutakoa" izan dela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar, EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak, gonbitea luzatu dio Patxi Lopez lehendakariari Madrilera "eskutik joan" eta trasferentzia, bakegintza eta normalizazio gaiak negoziatzeko. Egibarrek esandakoaren arabera, horiek dira, hain zuzen, aurrekontuen negoziazio-mahaiaren gainean dauden gaiak

Joseba Egibarrek, gainera, autogobernua "erabakitzeko eskubidearen barruan lekua daukala" defendatu du baina "txandako agintariaren beharren menpe egon gabe".

Gobernuak euskal herritarren konfidantzatarik ez duela ohartarazi dio parlamentari jeltzaleak lehendakariari. "Zuek emozioak razionalizatzea eta sentimenduak hezitzearen beharraz ari zarete", baina errealitateak dio "aldaketa instituzional eta politikoak ez duela gizartean emandako aldaketarik islatzen".

Transferentziak

Bestalde, Lan Politika Aktiboen trasferentzia "Zapateroren izugarrizko beharrizanaz baliatuz kendutakoo trasferentzia" izan dela esan du Egibarrek. Honekin, jeltzaleak aurre egin die transferentzia horri betoa egiteagatik bere alderdiak jasotako salaketei.

Honen harira, Egibarrek eskua luzatu dio Patxi Lopezen Gobernuari, negoziatu eta oraindik eskuratu gabe dauden trasferentziak lortzeko. Honekin Euskadiren autogobernu maila handitzea lortuko litzakeela azpimarratu du EAJko parlamentariak.

Ekonomia eta Hezkuntza

Bozeramaile jeltzaleak Ekonomian eta Hezkuntzan ematen ari diren "atzera pausoak" nabarmendu nahi izan ditu. Ekonomian "krisiaren aurrean erantzunik ez" dagoela esan du, eta horren ondorioz, bere hitzetan, "kezkatzeko moduko lidergo falta" da.

Hezkuntzari dagokionez, "hiruelebitasunaren tranpa" salatu du, ingelesa eta gaztelaniari lehentasuna eman eta euskera baztertu egiten duelako.

Lehendakariaren erantzuna

Egibarrek hitzaldian erabilitako tonua kritikatu du Patxi Lopez lehendakariak eta jeltzalea "xelebre" mintzatu dela salatu du.

Zor publikoari dagokionez, Gobernura iritsi zirenean "2.600 milioi euroko finantza-zuloa" aurkitu zutela adierazi du Lopezek. "Zuek utzitako zulo estaltzeko zorpetu gara", erantzun dio Egibarri.

Azkenik, egutegi legegilea bete ez denik ukatu du lehendakariak eta aurreko legealdian "egutegirik izan ez" zela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea