Politika -
Hiru atxilotu
Guardia Zibilak ETAko talde 'legal' bat desegin du Gipuzkoan
Barne Ministerioaren iritziz, operazio honekin ETAko 'Donosti sarea' desegin dute. Gainera, Guardia Zibilak 100 kilo lehergai eta lapurtutako auto bat aurkitu ditu Villabonako lonja batean.
Erredakzioa
Guardia Zibilak ETAko ustezko hiru kide atxilotu ditu gaur Gipuzkoan, Imanol izeneko talde ''legal'' (Poliziak fitxatu gabekoa) bat osatzea egotzita, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Iturri horien arabera, atxilotutakoak Xabier Atristain, taldeko ustezko burua, eta Juan Carlos eta Jesus Maria Besance Zugasti anaiak dira. Atristain Usurbilen atxilotu dute eta Besance anaiak, berriz, Villabonan.
Poliziako ikertzaileen ustez, operazio honekin eta otsailean, Ibai Beobide atxilotu zutenean, egindakoarekin, ETAko ‘Donosti sarea’ desegin dute. Horrela, talde terrorista Gipuzkoan “berrezarri eta berrantolatzea” ekidin dutela iritzi dute.
Poliziaren operazioa zabalik dago eta Guardia Zibilak Besance anaien etxea miatu du, Villabonan, baita Atristainen etxebizitza ere, Donostiako San Martin kalean.
Lehergaiak
Gainera, Guardia Zibilak lehergaiak eta lapurtutako auto bat aurkitu ditu Villabonako garaje batean. Garajeak hiru atxilotuekin lotura du, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek jakitera eman dutenez
Renault 19 auto zuri bat aurkitu dute lonjan. Antza denez, ibilgailua 2001ean lapurtu zuten. Bestalde, lehergaiak topatu dituzte segurtasun indarrek.
Ibilgailua Villabonatik Guardia Zibilaren egoitzara eraman dute bertan aztertzeko.
Taldeak lehergailuak egiteko 100 kilo lehergai baino gehiago gordetzen zituen Arroa auzoko lonja horretan. 85 kilo amonio nitrato, 15 kilo aluminio-hauts, kilo bat pentrita, detonagailuak, zenbait bideokamera eta pistola bat atzeman ditu Guardia Zibilak garajean.
Ismael Morenok, 2. Instrukzioko Epaitegi Zentraleko buruak zuzentzen du operazioa.
Frantziara ihes eginda
Atristainek Frantziara ihes egin zuen otsailaren 14an, Ibai Beobide ETAko ustezko kidea atxilotu zutenean, eta agintariek terrorista bilatuenen zerrendan gaineratu zuten.
Ondoren, bere burua entregatu zuen Biarritzeko aireportuaren polizia-etxean.
Frantziak espainiaratu egin zuen apirilaren 7an, baina Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen handik eta 13 egunera.