Politika -

Lege dekretua

Kataluniatik alde egiteko erraztasunak emango dizkie Espainiak enpresei

Beste alde batetik, ostiral honetan onartzekoa duen aldaketarekin "Kataluniako ekonomia zigortu nahi izatea" leporatu dio Generalitateak Espainiako Gobernuari.

Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte egoitza Katalunian duten enpresei bertatik alde egiteko erraztasunak jarri nahi dizkie Espainiako Gobernuak. Helburu horrekin, baliteke ostiral honetan bertan lege-dekretu berria onartzea, egoitza lekuz aldatzeko erabakia akziodunen batzordeak onartu gabe aurrera eraman ahal izateko.

2015eko maiatzean, gizarte egoitza beste autonomia erkidego batera eraman nahi zutela iragarri zuten konpainia batzuek. Orduan, Mariano Rajoyren Gobernuak xedapen gehigarri bat onartu zuen, enpresa horren estatutuetan kontrakoa jaso ezean, administrazio kontseiluak konpainia horren gizarte egoitza non finkatu (Espainiako edozein autonomia erkidegoan) erabakitzeko eskumena izan zezan.

Estatutuetan erabaki hori akziodunen batzordeak berretsi behar duela jasota duten enpresen kasuan, orain nahikoa izango litzateke lekualdatzea administrazio kontseiluan onartzea.

Caixabankek ezohiko administrazio kontseilua deituko du ostiral honetarako, bankuaren egoitza Kataluniatik atera ahal izateko beharrezko baita erabakia akziodunen batzordeak berrestea.

Sabadell bankuaren kasuan, berriz, akziodunen batzordea bildu gabe hartu du Alacantera lekualdatzeko erabakia. Izan ere, banku horren estatutuek gizarte egoitza tokiz aldatzea aurreikusten dute, eta kontseiluak erabakia onartzearekin nahikoa da beste autonomia erkidego batera alde egiteko.

Oryzon edota Eurona bezalako enpresek haien egoitza nagusia tokiz aldatzeko asmoa adierazi dute azken egunotan, Kataluniak bizi duen egoera politikoa dela eta.

Kataluniako Gobernuak independentzia aldebakarrez aldarrikatzeko kezka nagusitu da azken egunotan, eta burtsak behera egin du horren eraginez. Alabaina, gizarte egoitza lekualdatzeko asmoa dutela iragarri duten enpresen kasuan galerak alde batera utzi dituzte eta ohikotasun egoerara itzuli dira.

"Kataluniako ekonomia zigortu nahi izana" leporatu dio Generalitateak

Beste alde batetik, Kataluniatik alde egin nahi duten enpresen lekualdatzea errazteko Ministro Kontseiluak ostiral honetan onartu nahi duen aldaketarekin Espainiako Gobernuak Kataluniako "ekonomia zigortu" nahi duela ziurtatu du Generalitateak. Pere Aragones Kataluniako Gobernuaren Ekonomia idazkariaren arabera, erabaki hori "arduragabekeria handia" izango litzateke.

Testuinguru horretan, Generalitateko Ekonomia Sailak ziurtatu du Kataluniako Gobernuak bankuekin harremanetan jarraituko duela, gizarte egoitza Katalunian edo beste edozein tokitan izanda ere.

Dena dela, Sabadell bankua Alacantera lekualdatzeko erabakia eta CaixaBankek egoitza soziala Kataluniatik eramateko aukerak ekonomian ondorio gutxi izango duela esan du Kataluniako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Alderdi politikoak albisteak Albisteak