Politika -

Debekuen kontra

EAJ Bilboko manifestaziora joango da larunbatean

Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta "inposaketaren eta indarkeriaren" kontra deitu duten protesta ekitaldian parte hartuko du, aurreko deialdian joatea baztertu bazuen ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren EBBko ordezkaritza bat (oraindik ez dute argitu nortzuk zehazki) joango da larunbatean Bilbon deitu duten manifestaziora. Euskal Herriko "pertsonaia eta erreferente sozialek" osatutako herritar talde "anitz" batek deitu zuen manifestazioa, horien "debekua" salatzeko (Auzitegi Nazionalak bi debekatu zituen Bilbon irailaren 11n), eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta "inposaketaren eta indarkeriaren kontra" agertzeko.

EAJk jakitera eman duenez, EBBren ordezkaritza batek parte hartuko du protesta-ekitaldian, baina oraindik ez omen dute erabaki nortzuk joango diren.

Manifestazioa arratsaldeko bostetan aterako da Aita Donosti Plazatik eta Bilboko udaletxe parean amaituko da.

Protesta deitu dutenen artean, Txaro Arteaga Emakunderen presidente ohia, Gabriel Mariscal Bizkaiko Abokatuen Kolegioko dekano ohia, Ramon Zallo eta Pedro Ibarra unibertsitateko irakasleak, Paul Rios Lokarriren koordinadorea eta Maixux Rekalde elkarte horren ordezkaria daude, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea