Politika -
Enplegu-politika aktiboak
Patxi Lopez: 'Balantze negatibo batek ez du transferentzia geldituko'
Balantzearen emaitza jakiteko ezagutu behar dira euskal enpresaburuek izandako hobariak; eta Gizarte Segurantzak eman behar ditu datuok.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak onartu egin du enplegu-politika aktiboen transferentziaren balantzea "negatiboa" izan litekeela Euskadin, nahiz eta zehaztu duen hori gertatzekotan ez duela eskumenaren transferentzia geldiaraziko.
"Oraindik datu asko ezagutu behar dira, jakin behar dugulako euskal enpresaburuek izan dituzten hobariak edo zein den markatzen gaituen diruzaintza", esan du Patxi Lopezek.
Ildo horretatik, jakinarazi du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eman behar dituela datuok, "hobari horien guztien ziurtagiria". "Eta guk, Kupoaren bidez, horren 6,24 jarri beharko dugu. Euskadirako negatiboa izan litekeen? Baliteke, baina aztertuko dugu behar denean", azpimarratu duenez.
Hala ere, "lehenbailehen" transferentzia izatea eta "transferentzia horrek ekartzen dituen tresnekin" lan egiteko gogotsu dagoela adierazi du. "Hori da ezer geldiarazi behar ez duen gehigarria, horrek ezin du Lanbide geldiarazi, formakuntza politikak, enplegagarritasuna, gizarte-politika pasiboetatik aktiboetara pasatzea, hori da gure asmoa", zehaztu duenez.
Horren harian, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "baliabide horietara" zuzendutako "tresnak" nahi dituela, eta ziurtatu du transferentzia ez dela geldituko.