Politika -
Azken agiriak
Ares: 'ETA ez da aldatu, baina harreman gatazkatsua du Batasunarekin'
Bestalde, Herrizaingo sailburuak iragarri du bere Sailak ez duela galaraziko larunbat honetarako Bilbon deituta dagoen manifestazioa. EAJk ordezkaritza bat bidaliko du bertara.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du ETA ez dela "ezer" aldatu, azken agirietako iragarpenak iragarpen, eta "berrikuntza bakarra" orain erakunde terroristak eta legez kanpoko ezker abertzaleak "harreman gatazkatsua" dutela dela.
Gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, Ares ezker abertzaleari zuzendu zaio, eta "urrats txikiak" egitea ez dela nahiko esan dio. Horren ildotik, erakundeetan egon nahi badu "behin betiko urratsa" egin behar duela argitu dio, hots, "ETAk armak uztea lortzea, ez duela lortuko dirudien arren", edo "ETAtik bereiztea".
Aresen esanetan, "oso larria" izango litzateke Eusko Alkartasuna "Troiako zaldia" izatea "erradikal abertzaleak etxeko lanak egin barik politikara eramateko".
Bestalde, biharko Bilbon deituta dagoen manifestazioari dagokionez, sailburuak esan du ez duela "oztoporik" ikusten egiten uzteko. Hori bai, deialdia bloke independentista "indartzeko" egin dutela ohartarazi dio EAJri. Izan eren, manifestaziora ordezkari batzuk bidaliko dituela iragarri du gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak.