Politika -

KATALUNIA

CUP ez da Generalitatearekin fio, eta ez du baztertzen Parlamentua uztea

Bestalde, ANC eta Omnium Cultural "pozik" agertu dira Puigdemonten erabakiarekin, "erantzukizunez" jokatu duelako.

CUPeko zuzendaritzaren prentsaurrekoa. Argazkia: EiTB
CUPeko zuzendaritzaren prentsaurrekoa. Argazkia: EiTB
CUP ez da Generalitatearekin fio eta ez du baztertzen Parlamentua uztea

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Arrufat CUPeko bozeramaileak Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko epeak murriztea eskatu zion Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteari: "Hilabeteko epea zentzuzkoa ikusiko genuke".

CUPeko zuzendaritzako gainerako kideekin batera egindako prentsaurreko batean, Arrufatek argi utzi zuen CUP ez dagoela ados Puigdemontekin, independentziaren ondorioak ez ezartzeagatik.

Horren ildotik, Generalitatean zuten konfiantza "kolokan" dagoela ohartarazi zuen, eta zabalik utzi zuen Kataluniako Parlamentutik alde egiteko aukera.

Aurretik, Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan agerraldia egin ostean, Anna Gabriel CUPeko diputatuak azpimarratu zuenez, Kataluniako errepublika aldarrikatzeko eta Katalunian "1978ko erregimena" bertan behera uzteko "aukera bat galdu da".

Gabrielen esanetan, Quebecen edota Eskozian egindako erreferendumen moduko bat egitea gustatuko litzaioke CUPi, "okupazio judizial eta polizialaren pean egin ordez". Hala ere, independentzia aldarrikatzearen alde agertu zen, "eskubideak berreskuratzeko eta instituzio demokratikoen erasoa alde batera uzteko".

"Baina ez da guk nahi bezalakoa izan, eta, hori dela eta, gure hitzaldia inprobisatu behar dugu", nabarmendu zuen. Gabrielen hitzetan, CUPek hitzaldia hainbat hizkuntzatan emateko asmoa zuen.

"Ezin dugu isilik egon bertan behera utzitako gertaeren aurrean, erreferendumaren emaitzek ondorio batzuk eragin dituzte", esan ostean, diputatu independentistak "herrialde berri bat eraiki nahi duen jendearen babesarekin" heldu direla Kataluniako Parlamentura azpimarratu zuen.

ANC eta Omnium, pozik

Bestalde, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak "pozik" agertu ziren Puigdemontek iragarritakoarekin, "erantzukizunez" jokatu duelako.

Sanchezek txalotu egin zuen presidentearen erabakia; izan ere, batetik, "Estatu katalana aldarrikatu du", eta, bestetik, "erantzukizunez jokatu du" ondorioak behin-behinean bertan behera utzita.

Cuixartek, bere aldetik, nabarmendu zuen "indarrean" jarraitzen duela erreferendumaren emaitzak aitortzeko "konpromisoak".

Gainera, horren esanetan, Generalitateak "hurrengo egunetan" emango ditu negoziazioaren "epeak eta datak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Alderdi politikoak Albisteak