Politika -

Urriaren 12a

Milaka unionista manifestatu dira Bartzelonan, Hispanitatearen Egunean

'Katalunia bai, baita Espainia ere' lelopean, manifestazioa deitu du SCCk, besteak beste. Bestalde, Madrilgo desfilean parte hartutako hegazkin bateko pilotua hil egin da, lurrera erorita.

Gaurko manifestazioa Bartzelonan. EiTB.
Iragan igandeko manifestazioa Bartzelonan. Artxiboko irudia: EFE
Gaurko manifestazioa Bartzelonan. EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak (65.000, Udalaren arabera) bat egin dute Societad Civil Catalanak eta beste hamar erakundek deitutako manifestazioarekin, urriaren 12an, 'Katalunia bai, baita Espainia ere' lelopean. Espainiaren batasuna eta independentziaren gaitzespena aldarrikatu dituzte.

Martxa Gracia pasealekuan, La Pedrera eraikin aurrean, hasi dute, eta Katalunia plazan amaituko dute, eguerdi aldera. Manifestu bat irakurriko dute, bertan jarritako agertoki batean.

Manifestazioko buru honako hauek izan dira: PPko buruzagiak, besteak beste, Alberto Fernandez Diaz, Daniel Serrano eta Sergio Santamaria, Ciudadanosekoak, tartean, Ines Arrimadas, Jose Manuel Villegas, Jose Maria Espejo-Saavedra eta Carina Mejias. Besta erakunde politiko batzuen babesa ere izan dute, besteak beste, Vox eta Hazte oir.

Manifestatzaileek Espainiako eta Kataluniako banderak eraman dituzte, eta horietako askok kamiseta moreak jantzi dituzte, "errespetu" leloa aurrealdean idatzita zutela, atzealdean, aldiz: "Espainiarra gara. Lan egin, sufritu eta borrokatu egiten dugu".

Honako kontsigna hauek ere entzun ahal izan dira: "Ez engainatu, Katalunia Espainia da", "Puigdemont kartzelara", "Espainia bakarra da, eta ez 51", eta bibak Espainia, erregea eta Guardia Zibilari.

Igandean Espainiaren batasunaren alde Bartzelonan deitutako protestak 350.000 pertsona bildu zituen, Udaltzaingoaren arabera, eta milioi bat baino gehiago, SCCren arabera. Ostegun honetako manifestazioak ez duela zifra horiek errepikatzea nahi adierazi dute antolatzaileek.

Societat Civil Catalanaz gain, manifestazioa honako erakunde hauek ere deitu dute: Espanya i Catalans, Kataluniako Enpresariak, Hiri-Elkartasunak, Kataluniako Hiri-Bizikidetzak, Birsorkuntza Demokratikoa, U-12ko Hiri Mugimendua, Elebitasunaren aldeko Irakasleak, Espainia Eskuzabalak eta Oinezko espainiarrek.

Desfile militarra Madrilgo Castellana pasealekuan

Hispanitatearen Eguna dela eta, errege-erreginak izango dira Madrilen egingo den desfilearen buru, eta ia 4.000 militar egon dira, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kideekin batera. Guztia ‘Espainiarrak izateaz harro’ lelopean egin dute; Defentsa Ministerioak aukeratu du edizio honetarako.

DESFILE MILITAR MADRID

Hispanitatearen Eguneko desfilearen irudia. EFE

Desfilea 11:00etan hasi dute, errege-erregina iristearekin batera, eta ondoren, Espainiako bandera igo dute. Entseina zerutik iritsi da, Aireko Armadako Parakaidismoko Patruila Akrobatikoko kide baten eskutik. Errege Guardiako hiru kidek (bat Armada bakoitzetik), guardia zibil batek eta polizia nazional batek igo dute.

Desfilean 84 ibilgailu eta 3.900 militar inguru, guardia zibilak eta polizia nazionalak izan dira. Edizio honetan, geldialdiak nazioarteko misioetan parte hartzen ari diren militarren lana nabarmendu nahi izan du. Afganistan, Irak, Libano, Mali eta Atalanta Operazioan daudenen antzeko patruilak ordezkatu dituzte. Larrialdietako Unitate Militarrak, Guardia Zibilarenak eta, lehen aldiz, Polizia Nazionalarenak egon dira.

Felipe eta Letiziaz erre-erreginez eta Espainako Gobernuko kideez gain, autonomia erkideko guztietako presidenteak joan dira, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea izan ezik; Carles Puigdemont Generalitateko presientea ere ez da bertan izan.

Alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira, besteak beste, Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea. Podemosen kasuan, Pablo Iglesias burua ez da izan; 2016an eta 2015ean ere ez zen joan.

Pilotu bat hil da lurrera erorita, desfilearen ostean

Hispanitatearen Eguneko Madrilgo desfiletik zetorren hegazkin b aten pilotua hil da Albaceten, lurrera erorita. Ezbeharraren nondik norakoak argitu gabe daude, baina Madriletik bueltan zetorrela lurrera erori da pilotatzen zuen eurofighter hegazkina.

Manifestazioak Hegoalden

Bestalde, Hegoaldeko hiriburuetan, Sortuk ostegun honetan manifestatzeko deia egin du, 'Demokrazia, Kataluniako independentzia-prozesuaren alde' lelopean.

Gainera, Bilbon, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren manifestazioa egingo dute, Espainiako Estatuko Segutasun Indarrak Euskaditik ateratzea eskatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Bartzelona Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Ultraeskuineko alderdi politikoak