Politika -

Lehen bilera

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea eratu da

Topagunearen lehen bilera Bizkaiko hiriburuaren udaletxean egin dute. Besteak beste, indarkeria ezberdinetako biktimak eta elkarbizitzan adituak biltzen ditu.

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea. Argazkia: Bilboko Udala
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea. Argazkia: Bilboko Udala
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea. Argazkia: Bilboko Udala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea deritzona eratu da gaur arratsaldean Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan, Udalak agiri batean jakitera eman duenez. Besteak beste, “bake eta bizikidetzan gutxieneko adostasun sozial eta politiko zabalak” lortu nahi ditu Topaguneak.

Topagunearen lehen bilera udaletxean egin dute. Indarkeria ezberdinetako biktimak, Udalbatzako alderdi politiko guztiak eta elkarbizitzan adituak biltzen ditu.

Hala ere, Luis Eguiluz Alderdi Popularreko bozeramaileak Topagunea utzi du bileraren erdialdera, EH Bilduk ETAren erasoak gaitzesteari uko egin diolako.

Aurreneko bilera honetan oinarriak, balioak eta konpromisoak finkatu dituzte kideek.

"Hilabeteetako lan isila"

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ahotan, Topagunea osatuta “hilabeteetako lan isilari” amaiera eman diote, baina “Bilboko memoria historikoan orrialde berri bat” zabaldu dute.

Topaguneko protagonistak “indarkeriaren biktimak direla eta izango direla” azpimarratu du alkateak. “Hitza eta ahotsa eurena da”, berretsi du agintariak.

FOROBILBAO BILBOUDALA

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen lehen bilera. Argazkia: Bilboko Udala

"Biktima guztiei elkartasuna”

Topagunearen oinarriak Dori Monasteriok, Fermin Monasterio taxilariaren alabak, irakurri ditu. Monasterio ETAk hildako lehen zibila izan zen.

“Biktima guztienganako enpatia eta elkartasuna” Topaguneko balioen funtsa izango dela nabarmendu du Dori Monasteriok, “guztiak batera axolagabekeria eta bakardadea behin betiko gainditzeko”.

Hasiera batean, Topagunea 20 pertsonak osatuko dute: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, eta Dori Monasterio, Manu Cabacas, Fina Liceranzu, Jose Goikoetxea, Mari Jose Agirre, Ines Nuñez de La Parte, Javier Batarrita, Edurne Brouard, Abel Uceda, Leonor Regaño, Belen Mentxaka eta Conchi Fernandez biktimak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Politika Bilbo Bizkaiko albisteak EAE albisteak ETA albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Bakea eta adiskidetzea Euskadin