Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
'Chavezek ez zekien ETAko kideak Venezuelan trebatzen zirenik'
Alfredo Perez Rubalcabaren hitzetan, "ez dago inolako frogarik, eta ezerk ez digu inola ere aditzera eman" Venezuelako Gobernuak gai horrekin harremanik duenik.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren hitzetan, 2008ko uztail eta abuztu artean, Javier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAko ustezko kideek Venezuelan prestakuntza jaso zutela sinesteko "elementu nahikoak" ditu Gobernuak eta Guardia Zibilak.
Rubalcabak kazetariei Senatuan egindako adierazpenen arabera, Atristainek eta Besancek Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari egindako deklarazioek ez dute esan nahi Hugo Chavezen Gobernuak "entrenamendu horiekin zerikusirik duenik".
Barne ministroaren hitzetan, "ez dago inolako frogarik, eta ezerk ez digu inola ere aditzera eman" Venezuelako Gobernuak gai horrekin loturarik duenik.
"Ez dago inolako daturik Venezuelako Gobernuak gai horrekin harremanik izan zuela ondorioztatzeko, ezta adierazpenik ere", gaineratu du.
Dena den, Moreno epaileak salatzen dituen ekintzak ikertzeko eskatu die Rubalcabak Venezuelako agintariei, eta entrenamendu horietan 1989an Venezuelara deserritu zuten Arturo Cubillas ETAko kideak parte hartu ote zuen argitzeko ere eskatu die.
"Venezuelako Gobernuak ikertu egingo duela esan digu, eta ziur gaude egingo duela", esan du.
2008ko udan Venezuelan trebatu zituztela deklaratu zuten ETAko ustezko bi kideen kasuaren harira, Caracasek ez diola Espainiako Gobernuari "eroskeriarik edo torturarik" leporatu esan du Julian Isaias Rodriguez Diaz Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak. Hala ere, zalantzan jarri du bi lagun horiek "borondatez" deklaratu izana.
Isaias Rodriguezek gaur goizean prentsaurreko batean adierazi duenez, "bere herrialdeak zalantza handiak ditu" Javier Atristainek eta Juan Carlos Besancek "borondate osoz" deklaratu ote zuten Arturo Cubillas Fontan eta Jose Lorenzo Ayestaran ustezko terroristek trebakuntza ikastaroak eman zizkietela.
"Baliteke ustezko aitormena legez kontra lortu izana eta, horrela balitz, ez luke froga gisa balioko. Baliteke inputatuek zigorra txikitzeko hartutako estrategia izatea eta, hala izatekotan ere, ez luke beste inoren aurka egiteko proba gisa balioko", azaldu du.
Enbaxadoreak lehen agerraldian esan ditu hitz horiek, baina geroago, galderen txandan, argitu duenez, adierazpenokin ez du "Espainian legeak nola kudeatzen diren" zalantzan jarri nahi izan, "aitorpen kontzeptua bera" baizik.
Ondorengo agiri batean, enbaxadoreak hedabideak kritikatu ditu; bere adierazpenak "elkarren lagun diren bi gobernu" elkarren aurka jartzeko testuingurutik atera izana leporatu die kazetariei.